Instituzioen arteko hizkuntza politikak koordinatzeko egitura sortu dute
Gipuzkoako hainbat udaletako eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariak, instituzioen arteko hizkuntza politikak koordinatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariarekin bildu ziren atzo. Bilkuran erabaki zuten udalekin egitasmoaren jarraipen batzordea eratzea.
Foru Aldundiak proposatu du batzordea eratzea, udalekin egitasmoaren baitan euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak ezagutu, bateratu eta koordinatzeko. Era berean, udalekin batera lankidetzan garatutako jardueren segimendua egin nahi du. Batzordeko kideak udaletako ordezkari politikoak izango dira (alkateak edo euskarako zinegotziak).
Batzordean parte hartuko duten ordezkariek orain arteko proiektu elkartuetan parte hartzen dute, eta Gipuzkoako eskualde guztiak ordezkatzen dituzte. Era berean, sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkari politikoak izango dira. Hortaz, Anoeta, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Gabiria, Hernani, Irun, Legazpi, Oiartzun, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Uemako ordezkariak izango dira batzordean.