Iosu Arruabarrena: "Eman euskara elkarri"
Bi aste eskas falta dira 18. Korrikari hasiera emateko. 1980. urtean egin zen lehenengoa eta Oñatitik Bilbora Euskal Herria osoa zeharkatu zuen lasterketa erraldoi hartatik 32 urte eta 17 edizio pasatu badira ere, tamalez, orduko aldarrikapenek ez dute gaurkotasuna galdu; lehen eta orain gauza bera aldarrikatzen du Korrikak.
Milaka gara urte hauetan guztietan, modu batean edo bestean, AEK-k antolatzen duen jaian parte hartu dugunok. Aurtengoan, Korrika aurrera eramaten laguntzen duten norbanako, eragile eta erakunde guztien artean euskara ikasleak izango dira omenduak. Eta nik ere, hauek guztiek egiten duten lana aitortu eta goraipatu nahi dut.
Duela gutxi hasi nintzen euskara klaseak ematen, eta denbora tarte honetan irakatsi baino askoz gehiago ikasi dut. Euskaldun zaharrak garenok, askotan ez gara jabetzen pertsona hauek egiten duten hautuak duen garrantziaz, ezta horrek suposatzen duen esfortzu guztiaz ere. Gainera, doakoa beharko lukeena beraien poltsikoetatik ordaindu behar dute. Ez al da lotsagarria gure herriko hizkuntza ikasteagatik pagatu behar izatea?
Nik ez dut esfortzu hori egin behar izan, zorionez, txikitatik ezagutzen baitut euskara. Baina gertutik bizi dut euskaldunok gure hizkuntzan komunikatzeko egunerokotasunean ditugun arazoak, eta jartzen dizkiguten trabak: ezinegona sortzen dit Oreretako kaleetan etengabe gaztelera entzuteak eta haserretzen naiz administraziora joan, egun on esan, eta modu txarrean gazteleraz egiteko eskatzen didatenean. Gure hizkuntza eskubideak etengabe urratuak direla ikusteak amorratzen nau.
Horrelako egunetan, euskaldun izateagatik bigarren mailako herritar sentitzen naizen horietan, zuek ematen didazue indarra: seme-alabak euskaraz eta euskaratik heztea erabaki duzuenek; lana bukatu ondoren, leher eginda baina irribarretsu euskaltegira etortzen zaretenek; telefonoa hartzean «sí» beharrean «bai» esan eta euskaraz bizitzeko kontzientzia garatzen hasi zaretenek. Zuen esfortzuarekin guztiok euskaraz bizi ahal izateko bidea jorratzen ari zarete.
Martxoaren 14tik 24ra gure herri txiki hau zeharkatuko dugu euskararen alde eta zuek izango zarete protagonistak. Euskal Herria, edo bestela esanda, euskararen herria bultzatzen eta indartzen ari zaretela harro esan dezakezue. Izan ere, noizbait eskubide guztien jabe izango den herria bagara, halabeharrez, euskaraz beharko duelako izan. Gurean izan dugun abeslaririk maitatuenetako batek esaten zuen bezala: herria da gorputza, eta hizkuntza, bihotza.