Hiru erakusketa ikusi ahal izango dira martxo osoan herrian
Arte zaleek, hiru erakusketaz gozatzeko aukera izango dute martxo osoan zehar herrian. Lehenengo biak ostiralean bertan jarriko dituzte Garmendi txokolategian eta Tolaita ostatuan. Garmendin, Juan Telletxearen taila lanak ikusi ahal izango dira. Tolaitan, berriz, Jon Galdosen margolanak jarriko dituzte. Bi horiek, establezimenduak irekita dauden ordutegian bisitatu ahal izango dira.
Hirugarrena, Petra Lekuona Zaharren Egoitzan jarriko dute datorren asteartean, martxoaren 5ean. Eulalia Gutierrezen (Lali Gutierrezen) oihalkilanak izango dira (patchwork lanak) egoitza apainduko dutenak, apirilaren 2ra arte. Astelehenetik igandera, 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da bisitarientzat zabalik.