Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, atzo atzeman zituzten. Atxilotuek 31 eta 33 urte dituzte.
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo, Irunen, bikotekideei tratu txarrak ematea leporatuta. Goizaldean, 33 urteko gizon bat atzeman zuten. Herritar batzuek emakume bat aurkitu zuten, oihuka eta laguntza eske. Azaldu zienez, bikotekidea segika zuen. Etxera lagundu, eta Ertzaintzara eman zuten abisua. Ertzainak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren, baina hura joan zen polizia etxera, eta genero indarkeria delitu bat egin zuela onartu.
Ondoren, beste gizon bat atxilotu zuten, ustez bikotekidea etxean jotzeagatik. Biktimak ihes egitea lortu zuen, eta salaketa jarri zuen. Ertzainek, bikotearen etxera joan, eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten.