Flauta taldeak kontzertua emango du larunbatean Oiartzunen
Indartsu hasi du urtea Oiartzungo Flauta Taldeak. Udalarekin hitzarmena dauka taldeak, eta hitzarmen horren barruan, herrian ere kontzerturen bat ematea sartzen da. Hainbat emanaldi ditu datozen hilabeteetarako, baina lehenengoa etxean eskainiko du. Larunbatean izango da, 18:00etan, Killirikupen.
Iñaki Gurrutxaga zuzendariak zehaztu duenez, kontzertuaren egitaraua “askotarikoa eta, era berean, dibertigarria” da. Hala egin nahi izan dute, jendea erakartzeko. Kontzertua hasteko, bi euskal konpositoreren lanak entzuteko aukera izango dute Killirikupera gerturatzen direnek. Juncal Guerrero eta Eva Ugalde dira konpositore horiek. Biak, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko irakasleak dira. Gurrutxagak nabarmendu du, euskaldunak eta emakumeak direla: “Konpositore gehienak gizonak izaten dira, eta kanpokoak; kasu honetan bi emakumeren lanak eskainiko ditugu, bi emakume euskaldunenak”.
Gero, Pablo Sorozabalaren Maite eskainiko dute, My Fair Lady musikala, eta Tico-Tico abestiarekin bukatuko duete emanaldia. Horrez gain, eskupeko bat emango diete entzuleei, “gogoz txalo egiten badute”. Jabier Zurro Aduriz flauta joleak, Vuelo del moscardón izeneko pieza eskainiko du. Pieza hori “izugarri zaila da bakarlarientzat” Gurrutxagaren esanetan, “baina Zurrorentzat egina dela dirudi, oso ondo jotzen du”.
Taldearen zuzendariak, herritarrak animatu ditu kontzertura: “Ez dira aspertuko, oso ondo pasatuko dute!”.