
Aurten lau aldaketa izan ditu Hondarribiko zortzikoak
Hondarribiak aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen atzo Nerbioi ibaian, Gipuzkoako txapeldunaren Orioren aurretik. Nagusietan ez ezik, kadeteen eta gazteen mailetan ere irabazi zuten hondarribitarrek.
Hirugarrenean ospatu zen Euskadiko txapelketa, eguraldi txarra izan zela eta bi aldiz atzeratu baitzen, urtarrilaren 19an eta hilaren 2an. Nagusien proba oso gogorra izan zen, marea jaisten ari zelako eta ontziek goranzko ibilbidea egin behar izan zutelako. Hala, 22 minututik gora aritu behar izan zuten arraunean. Amaieran, Hondarribiak hamabi segunduko tartea atera zion Oriori eta minutu erdia San Pedrori.
2010ean txapelketa egiten hasi zirenetik Hondarribiak besterik ez du irabazi proba. Aurten, nolanahi ere, Orio zen faborito, Gipuzkoako txapelketa orientzat izan baitzen.
Hondarribiko klubetik poza azaldu dute garaipenagatik, eta ontzian aldaketak egon direla nabarmendu dute. “Zortzikoan benetako iraultza egon da aurten, harrobiko arraunlariak sartu baitira. Iazko partaideekin alderatuta % 50a aldatu da”, esan dute. Honakoek bogatu zuten aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa irabazi duen ontzian: Julen Castrillon, Ugutz Bilbao, Beñat Eguiazu, Iñigo Bertiz, Gorka Bertiz, Jon Muguruza, Manex Aldai, Iñigo Sagarzazu eta Ander Moran lemazain bezala.
Sailkapena
- Hondarribia: 22 minutu eta 22 segundu.
- Orio: 22 minutu eta 34 segundu.
- San Pedro: 22 minutu eta 52 segundu.
- Getxo: 23 minutu eta 26 segundu.
Harrobiak helduen mailako ontziaren garaipenean garrantzia izan bazuen, zer esanik ez beheko mailetan. Beste bi probetan, kadeteetan zein gazteetan, Hondarribia nagusitu zen ere, Santurtziren aurretik.