Martxoaren 4tik aurrera,
Mugi txartela martxan izango da, orain arteko Lurraldebus txartelarekin batera. Txartel berria eskuratu behar dutenek, dagoeneko egin dezakete eskaera herrietako kiosko eta ohiko tokietan. Dagoeneko, 2.000 lagunek eskatu dute Gipuzkoa osoan. Mugi txartelak Gipuzkoako garraio publiko guztiaren baterakuntza islatuko du -Renfe izan ezik—, eta Errenteria-Oreretako eta Irungo autobus urbanoak ere sistema horretan sartuta daude.
Atzo eman zituzten Mugi txartelaren gaineko xehetasun guztiak Larraitz Ugarte foru aldundiko bozeramaileak, Gorka Ugalde EuskoTreneko arduradunak, eta Errenteria, Donostia eta Arrasateko trafiko ordezkari guztiek: Jon Txasko, Jon Albizu eta Juan Antonio Barriocanalek, hurrenez hurren.
Aldundiak kanpaina berri bat martxan jarri du Mugi txartelaren berri emateko. 157.631 euroko aurrekontua izango du, eta dagoeneko abian da maiatzaren 19ra arte. Prentsa, irratia, telebista eta bestelako euskarrietan jarriko ditu iragarkiak aldundiak, eta bigarren fasea, tokiko komunikabideetara jauzi egingo du.
Horrez gain, erabiltzaileen eskura jarriko ditu 60.000 liburuxka eta Mugi txartelarekin batera banatuko dituzten 100.000 triptiko. Lau informazio gune ere izango dira, denak Donostian, Easo kaleko 74. zenbakian, eta Udalinfoko bulegoetan (Ijentea 1, San Martzial plaza 4, eta Morlans biribilgunea).
Nork eskatu beharko du Mugi txartela?
Ohiko txartela dutenek ez dute Mugi txartela egin beharrik izango, orain arteko Lurraldebus txartelarekin jarraitu ahal izango dute. Umeen Lurraldebus txartela, ordea desagertu egingo da, eta beraz, beraiek izango dira Mugi txartela egin beharko duten taldeetako bat. 18 urtetik gorakoei, 65 urtetik gorakoei eta urritasun bat daukatenei gehienezko errenta baldintza betetzen duten egiaztatzea eskatuko diote (2,5ez edo gehiagoz biderkatzen IPREM). Betetzen badute ohiko txartelarekin jarraitu ahal izango dute, baina ahal ez bada, edukiz gero txartel arrunta erabiltzen jarraitu edo Mugi txartelera pasatu beharko dira. Eskutitz bat jasoko dute etxean, eta horri erantzunez gero doan jasoko dute txartela.
Lurraldebus ez daukatenei zuzenean Mugi txartela eskatu beharko dute. 5 euro balio du.