Korrikaren barruko mus txapelketa egingo dute bihar Arkaitzan
Korrikaren barruan, II. Gipuzkoako Mus Txapelketa egiten ari dira, eta bihar jokatuko dute Errenteria-Oreretako kanporaketa, 16:30etik aurrera, Arkaitza tabernan. Izena Arkaitza tabernan bertan eman beharko da, 12 euroren truke. Hiru bikote onenek saria eramango dute: lehenengoak ardo botila, xanpain botila eta bi txuleta, bigarrenak gazta eta ardo botila, eta hirugarrenak ardo botila. Galtzaile onenak ere zerbait poltsikoratuko du: urdaiazpikoa eta bi kamiseta.
Horrez gain, Errenteria-Oreretan jokatuko dute Oarsoaldeko kanporaketa. Larunbatean, hilaren 23an izango da, Landare tabernan, 16:00etatik aurrera. Lehenengo bikoteak bi ardo botila eta bi txuleta eramango ditu, eta galtzaile onenek bi kamiseta. Irabazleak, era berean, Gipuzkoako finalerako sailkatuko dira.