Ihoteetako asteburuan, Euskal Herriko Autokarabana Topaketa egin zuten herrian, Sorbeltz elkarteak antolatuta. Hilabeteko ekintza izateaz gain, urteko batzar orokorra ere egin zuten bertan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, batzar “arrakastatsua” izan zen, 80 bazkide baino gehiago izan baitziren bertan. Sorbeltzeko arduradunen arabera, zifra horrek erakusten du, batetik, “bazkideen inplikazioa eta konpromisoa klubarekiko”, eta bestetik, “bazkideek gehiago parte hartzen dutela, antzeko elkarteetan egiten dituzten batzarretan baino”. Horrek “harro” sentiarazten ditu Sorbeltzeko kideak.
Era berean, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Oiartzungo Udalari, Haurtzaro Ikastola eta Ugaldetxoko Kultur Taldeari, asteburua antolatzeko emandako laguntzagatik. Baita irteera prestatu duten gainontzeko pertsonei ere: “20 lagunetik gora inplikatu dira antolakuntza lanetan, eta horiei esker pasatu dugu asteburu ederra. Beraz, eskerrik beroenak”.