Oihana Etxebarrieta: Kolore-kolore
Hitzaldi batetik atera naiz. Interesgarria izan da, eta nahiko jende bildu gara entzutera. Psikiatra bat, emakumea, emakume bezala hezi izanagatik topatu ahal izan dituen arazo psikologiko edo psikiatrikoez aritu da bi orduz. Emakume izateagatik modu batean heziak eta modu batean arautuak gara. Arau hauek puskatzean, transgresio bat ematen da, eta honek gizartean izan dezakeen isla handiagoa edo txikiagoa izango da. Arau honen apurketagatik ezarriko zaizun zigorra ere handiagoa edo txikiagoa izango da. Zigor honek eragiten dituen kalteak, arazo psikiatriko izatera pasa daitezkeela adierazi digu hizlariak.
Pentsakor atera naiz hitzalditik, egin al dut inoiz nire heziketa femeninoaren kontra? Jaso al dut zigorrik horregatik? Ezagutzen al dut zigor larririk jaso duenik? Nik jaso ote dut zigor potolorik? Eta nola eragin dit niri honek guztiak?
Hausnarketa horietan ari nintzela, garraio publikora igo naiz. Parean bi emakume, 30-40 urte ingurukoak eta mutil gazte bat
4-6 urtekoa. Nire dibagazioetatik atera, eta haiei begira jarri naiz. Bi emakumeetako bat umearen ama da, eta bestea umearen izeba. Bi emakumeak haien artean ahizpak izango direla pentsatu dut, antza dute. Izebak, umea noizean behin zaindu egiten duela ere jakin dut. Haurrak gosea du, eta etxera joan nahi du afaltzera. Bi emakumeak plasta bat dela esaten diote, eta mutila haserrarazten saiatzen dira. Burlaka dabiltza berarekin, eta izebak, hurrengo egunean eskolara arrosaz jantzita eramango duela esaten dio. Mutila pila bat larritu egiten da, eta jantzi arrosarik ez duela esaten dio izebari. Neska arropa arrosa jarriko diotela esaten diote orduan, eta mutila «¡que no! ¡que no!» errepikatzen hasten da behin eta berriz, larri eta gaizki. Azkenean txantxa bat dela esaten diote, lasai egoteko, eta arrosez jantziko ez dutela esaten diote. Garraiotik jaisten dira jarraian, eta nik eserita jarraitzen dut, begiak zabal-zabal eginak, eta gorputz izugarri txarrarekin. Zer izan da hori?
Haur horri, transgresioak izan dezakeen eraginetako bat argi utzi diote, besteen aurrean barregarri geratuko dela halakorik egiten badu. Arrosa koloreari izugarrizko karga negatiboa jarri diote (aurretik zuena gehituz noski).
Transgresioak ekar dezakeen zigorraz txikitatik kontziente garela ikusi dut ere. Hala ere, transgresioaren beraren izaeraz ohartzea falta zaigula uste dut.
Eta guraso txartela egon beharko lukeela uste dut ere, batzuei baimenik ez emateko.