Ihoteen ondoren, Inauterietako asteburuan herriko giroa indartzeko asmoz, tabernekin hitz egin eta herria gai batez mozorrotzea ideia ona izan zitekeela otu zitzaien duela hilabete batzuk Kataxulo gaztetxeko kideei.
Tabernetako arduradunekin hitz egin zuten eta bilera bat egitea adostu zuten. Udalak erraztu zien bilera horretarako bidea. Manuel Lekuona Bibliotekan egin zuten batzarra, eta bertan izan zen Oihan Tello zinegotzia ere. Parte hartzaile guztiak ados jarri ziren gai bat aukeratu eta horretaz mozorrotzeko. Baina gaia aukeratzea falta zen.
Horretarako, tabernetan kutxak jarri zituzten Kataxuloko gazteek. Herritarrek hainbat proposamen egin zituzten, eta horietatik gustukoenak zituztenak aukeratu zituzten gaztetxean. Beste bilera bat egin zuten tabernariekin eta bertan adostu zuten aurtengo gaia: Kontinenteak. Lehen aldiz, tabernak ados jartzea lortu dute, eta herria gai horren inguruan girotuta dago dagoeneko. Taberna bakoitzak leku bat aukeratu du: Ipar Poloa, Venezia, Tibet…

Ganbara Tabernaren kontinentea Asia da: Tibetez mozorrotzea aukeratu dute.
Tabernetako giroaz gain, kalean ere izango da zerekin gozatua. Gaztetxeko kideek, DJ emanaldia eta kontzertuak antolatu dituzte. Hala, gaur eta bihar, arratsaldean hasi eta gauera arte, musika izango da plazan, hori ere herria girotzeko.
Jendea herrian geratzea
Ekimen horren helburu nagusia, jendea herrian geratzea da. Izan ere, Ihoteen ondoren, jende askok ospatzen ditu Inauteriak kanpoan, eta Oiartzunen ere giroa izatea nahi dute gazteek. Herrian ere bizitza egotea, giroa, jendeak ondo pasatzea…
Tabernariak ere pozik daude hartutako erabakiarekin. Egun batzuetan krisiaz ahaztu eta herritarrekin gozatzea da helburua. Gaztetxeko kideek, berriz, plazako musika jarriko dute, baina Ihoteetan ez bezala, eurek ere parranda egiteko aukera izango dute.
Lehen esperientzia
Aurtengoa lehen aldia da. Proba egingo dute ea nola ateratzen den. Tabernariak gustura gelditzen badira, datozen urteetan ere jarraitzea da asmoa. Gazteek lehen harria jarri dute, lehenengo bultzada eman. Baina asmoa da tabernek eurek hartzea horren ardura aurrerantzean. Gaztetxeko kideek, ahal dutenean lagunduko diete, eta plaza ingurua girotzen jarraituko dute, baina gozatzeko aukera galdu gabe.
Gaztetxeak garai berria bizi du duela hilabete batzuk. Koadrila berriak sartu ziren, jende berria, gaztea, eta lanerako gogoa duena. Gaztetxea bera konpondu ondoren, ekimenak antolatzen hasi dira. Xanisteban Egunean (abenduaren 26an) ireki zuten berriro Kataxulo. Pasa den astean kontzertuak antolatu zituzten. Honetan musika jarriko dute plazan. Eta aurrerantzean ere ekimenak egingo dituzte iragarri dute: bertso txapelketa, kontzertuak…
“Proba urtea” izango dela diote. Hasiberriak izanik, hainbat gauza antolatuko dituzte lehen aldiz. Horiek ondo ateratzea espero dute, eta ondo ateratzen ez direnetatik ikastea. Helburua argia da: gazteetatik herrira, herrirako, ekimenak antolatzea, eta herria bizirik egon dadin bultzatzea. Aisia bila kanpora joan beharrik izan gabe.