Irungo Udalak eta hiriko hiru euskaltegiek —Udal Euskaltegia, Herri Jakintza eta Bidasoko AEK— abiatuko dute aurtengo Mintzalaguna egitasmoa. Ostiralean amaituko da Udal Euskaltegian izena emateko aukera baina epe hori igandera artekoa izango da
udal webgunearen bitartez apuntatu nahi dutenentzat. Fernando San Martin Euskara zinegotziaren arabera, “Mintzalaguna, laguntza handia da praktikatzeko aukera handirik ez dugunontzat”, eta nabarmendu du “erabilera Euskara Biziberritzeko Planaren ardatzeko bat” dela.
Aurten Udal Euskaltegiaren esku geratuko da Mintzalagunaren kudeaketa, beti ere beste bi euskaltegien laguntzarekin. Urdanibia plazako egoitzara joaten direnek 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara aurkituko dute irekita. Han fitxa bat bete beharko dute eta, besteak beste, haien zaletasunak zehaztu beharko dituzte; Maite Etxebeste euskara teknikariak azaldu duenez, “taldeak osatzeko edota ekintza osagarrietarako baliagarria izaten da”. Telefonoz ere egin daiteke, 943 50 52 73 zenbakira deituta.
Izan ere, hizkuntza praktikatzeko taldeak osatzeaz gain, hainbat ekintza osagarri antolatzen dituzte urtero Mintzalaguna egitasmoaren barruan, hala nola, tailerrak, txangoak… Gema Urtizberea Herri Jakintza euskaltegiko ordezkariak hiritarrak animatu ditu programan parte hartzera: “ezagutzen ez duzun jendearekin elkartzen zara euskaraz egiteko, eta lagun euskaldunak egiten ditu Mintzalagunak”.
Beste urteetan bezala euskara ikasten ari direnei, erabiltzeko aukera gutxi dutenei eta bi kolektibo horiei euskara praktikatzen lagundu nahi dietenei zuzenduta dago programa. Bidasoko AEK euskategiko arduradun Enara Zubeldiak jakinarazi du beste urteetako mintzalagunek “iritzi oso onak” eman dituztela programaz: “Irunen gero eta gehiago dira euskaraz dakitenak, baina askok ez dute erabiltzeko aukerarik izaten, horietako batzuk norekin ez dutelako. Hori da Mintzalagunak egiten duena, ahalbidetu, euskaraz aritzeko aukera gutxi dutenek praktikatzeko modua egin”. Programarekin “euskara euskaltegiko geletako hormetatik atera” nahi dutela gehitu zuen Zubeldiak.
Iaz 120 lagun inguruk parte hartu zuten Irungo Mintzalaguna programan. Parte hartzen duten guztiek Euskara Ikasle txartela jasoko dute, hainbat deskontu izateko aukera ematen duena.