Hendaiako Mediatekako Euskal Funtsa inauguratu zuten urtarrilaren 26an
Hendaiako Mediatekak itxura berria hartu du: “Toki atseginagoa, goxoagoa eta zabalagoa du orain Euskal Funtsak”, azaldu dute bertako arduradunek. Iazko udan hasi ziren berrantolatzen eta orain dela astebete estreinatu zuten. Bertan izan ziren hautetsiak, Akelarren taldeko dantzariak eta Egoitz Zelaia, Aitor Errazkin eta Manu Goionaga bertsolariak. Aurkezpenean euskarazko ekoizpenak “arnas berria” hartu duela nabarmendu zuten.
Euskal Funtsaren barruan Tokiko Funtsa deitutako atala sartu dute. Tokiko Funtsak Hendaiako zein Euskal Herriko historia, kultura, geografia… biltzen duten liburuak daude.
4.300 dokumentu
Euskal Funtsaren eta Tokiko Funtsaren artean 4.300 dokumentu (liburuak, CDak eta DVDak) eskaintzen ditu. Mediatekan oro har, guztira 65.000 dokumentu aurki daitezke.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko beste mediatekekin eta Frantziako Liburutegiarekin batera euskal ekoizpenen katalogoak metodo beraren bidez sailkatzeko eta denen artean katalogo komun numerikoa sortzeko helburua dute arduradunek.