Lider Cajasur Priegorekin berdindu du Leka Eneak
Titulurako kanporaketei begira liga erregularra postu on batean bukatzeko bidean urrats handia eman zuen atzo mahai-teniseko Gizonen Superdibisioan jokatzen duen Leka Enea Irun taldeak. Cajasur Priego liderrak bisitatu zuen Hirubide ikastetxeko kiroldegia, baina ezin izan zuen irabazi.Endika Diezek bere bi partidak iraazi zituen eta, bigarrenarekin, berdinketa lortu zuen bere taldearentzat (3-3).
Lehiako lehen partida Zhang Sining txinatarrak irabazi zuen etxekoentzat (3-2). Ondoren Jaime Vidalen txanda izan zen, eta 0-3 galdu zuen. Vidalen partidak kenduta —laugarrena ere 0-3 galdu zuen—, gainontzeko banakako guztiak oso parekatueak izan ziren. Diezek hirugarrena irabazi zuen (3-2), eta Siningek bosgarrena galdu (2-3). Hala, markagailu orokorrean Priego 2-3 aurretik zen azken partidaren faltan, baina Diez gasteiztarrak Alejandro Calvo menderatu (2-3), eta puntu bat eskuratu zuen Irungo taldearentzat.
Berdinketaren ondoren Cordobako taldeak lidergoan segituko du, 21 punturekin, Leka Eneak baino hiru gehiago. Atzetik Arteal Santiago dator, 17rekin. Galiziarrek ez dute oraindik jardunaldi hau jokatu eta, irabaziz gero, irundarren aurretik jarriko lirateke.