Arma Plaza Fundazioak hiru bilera egingo ditu gaur FITUR azokan
Hondarribiko Arma Plaza Fundazioa gaurtik igandera Madrilen egingo den FITUR turismo azokan izango da. Krisiaren eraginez, aurten zertxo bait txikituta dator FITUR, baina oraindik ere Europako turismo erakuslehiorik handienetakoa da.
Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatearen ustez, “nahitaezkoa” da Madrilgo azokan egotea: “Gure herria turismorako oso erakargarria da, eta alderdi hori lantzen jarraitu behar dugu, herriaren ekonomia indartzeko. Ez dugu turistak etorri zain egon behar, kalitatezko kultur turismoa eskaintzeko lan egin behar dugu”. Iaz arloko 119.322 profesionalek parte hartu zuten eta 6.300 kazetarik baino gehiagok jarraitu zuten ekitaldia.
Gipuzkoako stand-ean materiala erakusteaz gain, hiru bilera hitzartu ditu Arma Plaza Fundazioak gaurko: Ibizako Turismoa Sustatzeko Fundazioarekin, Cadiz eta Sevillaren artean dagoen Fundacion de la Via Verde de la Sierra erakundearekin, eta Alemaniako Koblenz herriarekin.
Balearetako ordezkariekin Dalt Vila harresiez mintzatuko dira. 1999an UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zituen eta Europa Nostra Saria jaso zuten zaharberritze lanengatik. Kerejetaren esanetan, “kanpaina handiak egin dituzte kultur turismoa sustatzeko Kultur ondarearen inguruko jarduerak burutu dituzte, eta gure Gotorlekuaren antzeko elementua da tipologikoki; fundazio hori ezagutzea interesgarria da guretzat”.
Arma Plazakoek FITUR-en izango duten bigarren elkarrizketa Andaluziako Fundacion Via Verde de la Sierrako kideekin izango dute. “Haiek indarra jartzen dute mendi-bide eta bide berdeen kontserbazioan, hain zuzen ere mendi ibilaldiak egiteko, zaldi gaineko irteerak egiteko, hegaztiak ikustera joateko irteerak egiteko, etab. Hondarribian eskaintzen den natura arloko eredua gogorarazten digute”, azaldu du alkateak.
Eta Alemaniako Koblenz herriko ordezkariekin Ehrenbreitstein gotorlekuaz mintzatuko dira, “Europako hiri batean gotortutako ondarea nola sustatzen den ezagutzeko”.