Zamalbidetik amiantoa kendu du berriro udalak

Jose Manuel Ferradas Ingurumen eta Mendi zinegotziak jakinarazi duenez, Errenteriako Ingurumen Sailak fibrozementuzko (amiantoa) bi zati kentzeko lanak bukatu ditu Zamalbide auzoan. Legez kanpo bota dute fibrozementua beste behin gune horretan. Bi tokitan bota dute, bata Txikierdi errepidean, Larretxiki baserriaren azpian, eta bestea, Aitzondo baserrian, Hirisaren harrobiaren ondoan (Txoritokieta). Bi zatiak Gaintxurizketako baimendutako zabortegian utzi dituzte, Irun eta Oiartzunen arteko mugan. Zabortegira eraman aurretik hondakin toxikoak paketatu egin dituzte. Igresa enpresak egin ditu lan horiek 1.650 euroren truke. Ingurumen Sailaren arabera, amiantoa kentzerako garaian langileen babesa ziurtatu dute. Udalak “hondakinen kudeaketan, kasu honetan, hondakin arriskutsuetan” dagoen zigorgabetasuna jarraitu eta geldiarazteko konpromisoa agertu du. “Are gehiago, ekintza pribatu baten eraginez, herritar guztiei eragingo dien gastua beregain hartzera behartu duelako udala”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.