30 urteko Bordari eta Satarka saridunak elkartu nahi ditu udalak
Aurten 30 urte beteko dituzte Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak antolatzen dituen euskarazko literatur sariek eta, zita hain seinalatuan, aurtengo ekitaldiko sari banaketa berezia izatea nahi dute. Horretarako, saridun izandako guztiak elkartu nahi dituzte eta hiru hamarkadetako sariak argitarapen batean bildu. Hori iragarri zuen atzo Txomin Sagarzazu zinegotziak, Euskara arloko eta Euskaltegiko 2013ko aurrekontuen berri emateko deituriko agerraldian.
2013 ekitaldirako 661.585 euroko aurrekontu bateratua izango dute Euskara arloak eta Udal Euskaltegiak; euskarakoa iazkoa baino %2,94 txikiagoa da, baina euskaltegiaren kontuak %2,41 hazi dira eta, euskaltegiaren aurrekontua handiagoa denez (395.000 euro, gutxi gorabehera), bi arloetako aurrekontua iazkoaren berdina dela azaldu zuen Sagarzazuk: “Beste sail batzuetan jaitsierak izan ditugu baina Euskara departamentuan ez, eta horrek biziberritze planeko eta plan estrategikoaren helburuak betetzeko aukera emango digu”.
Ekitaldiei dagokionez, Neguko Jardunaldiek dute gastu handiena (14.000 euro), baina aurten nabarmentzeko da Bordari eta Satarka literatur sarien aurrekontuaren hazkundea (12.500 euroraino), 30. urteurrenaren inguruan egingo diren ekintzak burutu ahal izateko. Besteen artean, Korrikara 3.000 euro bideratuko ditu udalak eta Mintzalaguna egitasmorako beste 7.000. Zinegotziak onartu duenez, Irungo Udalarekin eta Irun Iruten elkartearekin batera egiten zuten Mintzalaguna, baina bi erakunde horien artean arazoak daudenez, “programa geldirik dago”. Horregatik, “aukera desberdinak aztertzen ari gara, Mintzalaguna programa Hondarribian martxan jartzeko eta bitartean aurrekontua erretserbatu dugu”.
Eskolatik kanpoko ekintzak bultzatu
Euskara zinegotziak gogorarazi zuen joan den astean ezagutu ziren datuak, ikasleek ikasgeletan euskara, baina handik kanpora gaztelania erabiltzen zutela adierazten zutenak. “Hezkuntzak bakarrik ezin du ziurtatu euskararen erabilera. Horregatik, udaletik eskolek egiten duten lana bultzatu nahi dugu”, adierazi zuen. Zentzu horretan, eskolatik kanpoko ekintzetarako diru partida bat eta bertsolaritza, ahozkotasuna eta Urtxintxa programetako ere beste 12.000 euro jaso dituzte aurrekontuan, diru-laguntzen atalean. Argitalpenetan Hondarribia aldizkariak hartzen du aurrekontuaren zatirik handiena (36.905 euro).