
Afodesak jakinarazi du 2012an %5,5 hazi zela Hondarribiko aireportuaren erabiltzaileen kopurua. Espainiako Estatuan 100.000 erabiltzailetik gora dituzten aireportuen artetik, bigarrena izan da igoeran Hondarribikoa, Melillakoaren atzetik. 261.581 pertsonak erabili zituzten aireportuaren zerbitzuak iaz. Hala, azken urteetako joera ezkorrarekin hautsi du Gipuzkoako aireportuak, baina hala ere, 2007ko datuetatik (466.000 bidaiari) urrun dago.
Afodesako presidente Juanan Loiraren arabera, kostu baxuko konpainien agerraldiak eragin du 2012ko igoera, Vueling-enak batik bat, “eta horregatik itxaropentsu gaude, konpetentzia handiagoa dagoelako, bezeroen onerako”. Horren harira, Espainiako Sustapen Ministerioak aireportuaren pista ez luzatzeko erabakiaren gaineko azalpenak eskatuko dizkiote AENAri (Espainiako Estatuko aireportukoak kudeatzen dituen elkartea), horrek Hondarribian zein eragin izan dezakeen argitzeko, “inork ez digu argitu zein eragin izango duen horrek”.
Hala ere, Afodesak jakinarazi du Boeing 737-800 gisako hegazkinak jasotzeko gai dela aireportua 1,7 kilometroko pistarekin, “kostu baxuko konpainia askok hegazkin horiek dituzte”.