
Liburuaren azala
Utriusque Vasconiae-k Euskal Prosa Aztertuz – Kritiko Berrien Ahotsa liburua argitaratu du. EHUko Euskal Filologiako hainbat ikasle ohien lanak biltzen dira bertan, tartean Ane Badiola oiartzuarrarena.
“Kritikoek oso zorrotz kritikatzen dutela esaten zigun irakasleak, eta normalean negatiboki. Gure lanak ez ziren horrela, positiboki kritikatu genuen”, gogoratzen du Ane Badiola oiartzuarrak. Orain den hiru urte Euskal Filologia ikasten zebilen Gasteizen eta
Gaur egungo joerak euskal literaturan hautazko ikasgaian hainbat libururen kritikak egin zituzten, horietako bat
Euskal Prosa Aztertuz – Kritiko Berrien Ahotsa liburuko orrietan ikusi du argia.
Utriusque Vasconiae-k argitaratu du liburua, Jon Kortazar irakaslearen ekimenez. “Irakaskuntza-arloan, eta are gehiago literatura irakasten denean, batzuetan, ikasleek ekarpen sakonak egiten dituzte aztertzen ari diren testu eta egileei buruz, eta ekarpenen sakontasun horrek harridura sortu eta gainditu ere egiten du gai horren alderdi batzuei buruz irakasleak aurretiaz zeukan jakintza bera ere”, idatzi du argitaletxeak, eta Jon Kortazarri hori gertatu zaiola ziur dago. Badiolaren iritziz, ordea, eurek egindako kritikek “freskotasuna” zuten eta “ez dira kritika zorrotzak”, eta horregatik argitaratu dituztelakoan dago.
Arkaitz Canoren liburua aztergai
Telefono kaiolatua Arkaitz Canoren ipuin liburua aztertu zuen Badiolak Leire Gandarias bere ikaskide gernikarrarekin batera. “Beste ikasgai batean Canoren beste liburu bat aztertu nuen eta gustatu egin zitzaidan, horregatik hartu genuen”, esan du Badiolak. Irakasleak jarritako lana “zaila eta mardula” izan zela nabarmendu du: “Ipuin bakoitza hamaika aldiz irakurri genuen, ez dagoen harrapatu nahian. Gainera, bikoteka egiteko lana zen, horrek dakartzan alde on eta txarrekin”.
Badiola eta Gandarias pixukideak ziren garai hartan eta gainontzeko pixukideei lana irakurtzen ibiltzen zirela gogoratu du. “Gure artean, bestalde, komentatzen egoten ginen: ‘Seguraski guk ateratzen ditugun ondorioak idazleak berak ez dituela pentsatu ere egin’. Idazleek esaten dute askotan kritikoek egiten dituzten kritiketan deskubritzen dituztela gauzak”.
Orain lan hori irakurtzeak lotsa pixka bat emango diola aitortu du Badiolak, “Norberaren estiloa aldatzen doa eta… Ez dakit ezta irakurri nahi dudan! Nik uste Cano gure lanarekin harrituta geratuko litzatekeela…”.
Irakurri edo ez, kritika hori hor dago, denon eskura, baita Canorenarenean ere.