
Errenteria-Oreretako Euskadiko Kutxan ura kentzen
Erruz ari du euria gaur Oarsoaldean eta Bidasoan. Gauean ez du atsedenik hartu euriteak, baina hala ere, arazo larririk ez du sortu, oraingoz, Oiartzunen izan ezik. Haize boladak ere oso indartsuak dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaurko, metro koadroko 80 euri litro egitea eta orduko 100 kilometrora arteko haize boladak espero direlako. Ibaiei begiak kendu gabe dabiltza herritarrak nahiz segurtasun zerbitzuak, eta arratsaldean etor daitezke arazoak, itsasgora 19:15ean baita. Jarraian, gaurko iragarri dituzten abisuak eta oharrak:
Gaur, asteartea:
- Egun osoan zehar: euriteagatik eta haizeteagatik alerta laranja. Metro koadroko 80 litro iragarri dituzte, eta orduko 100 kilometroko haize boladak.
- 00:00etatik 12:00etara: abisu horia, haizeagatik, babesik gabeko tokietan.
- 03:00etatik 18:00etara: itsasoan abisu horia.
Bihar, asteazkena:
- Egun osoan zehar: euriagatik (metro koadroko 60 litro iragarri dituzte egun osorako) abisu horia.
- 00:00etatik 18:00ak arte: babesik gabeko tokietan abisu horia, haizeagatik.
- 03:00etatik 18:00ak arte: itsasoan abisu horia.
Aholkuak:
- Autoak ez utzi erreken bide lehorretan, edo erreken ertzetan.
- Autoak ez utzi urmaeletan nahiz urak hartzeko arriskua duten garajeetan.
- Autoz egindako bidaiak saihestu.
- Autoz bidaiak egin behar izatekotan errepide nagusiak eta autopistak erabili. Gidariek ikuspen arazoak balituzte, toki seguruan aparkatu.
- Urak eraman ditzakeen gaiak jaso, batez ere kutsadura eragin dezaketenak.
- Inguruko isurbideak berraztertu.