Esklerosiaren kontrako argazki erraldoia egingo dute Ondarraitzen
Larunbatean alboko esklerosi amiotrofikoaren (SLA) borrokaren aldeko ekintza deigarri bat egingo dute Ondarraitz hondartzan, 15:00etan. Balearen sokorri postuan jarri dute hitzordua. Bertan, Courir pour les autres elkarteak antolatuta, SLA hizkiak osatuko dituzte eta nahi duenak parte har dezake, 3 euro ordainduta. Gainera, argazkiak egingo dituzte airetik, eta salgai jarriko dituzte. Bildutako dirua, gaixotasun horren ikerketarako bideratuko dute.
Parte hartu nahi duenak txartelak turismo bulegoan eros ditzake (0559 20 00 34 telefono zenbakian), eta larunbatean hondartzan ere salgai jarriko dituzte. Neguko eguraldia aitzakia izan ez dadin, antolatzaileek kafea eta pasatak banatuko dituzte bildutakoen artean.