Bosgarren jarri da Hondarribia, Bergara menderatuta
Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak urteko lehen garaipena lortu zuen larunbatean Hondartza futbol zelaian, Bergararen aurka (4-1), eta sailkapeneko seigarren postura igo da, Beriorekin (bosgarren tokian dago) eta Bergararekin berarekin (zazpigarren) berdinduta. Larunbatean Rodrig, taldeko goleatzaile nagusiak bi gol sartu zituen, Endikak beste bat eta laugarrena aurkariek sartu zuten bere atean.
Horrenbestez, lehen itzuli bikaina egin dute berdeek, eta denboraldiko bigarren erdian mailari eustea baino helburu potoloagoak izango dituztela erakutsi dute. Mikel Llorente berdeen entrenatzaileak onartu du Bergararen kontra emaitza “merezi zutena baino handiagoa” izan zela, baina pozik dago egindako lehen itzuliarekin: “Bigarren itzuliari begira, joko hobea egiten saiatu behar gara, eta orain arteko puntu kopurua berdindu edo ahal bada gehiago lortu. Taldeak jarrera bikaina du, bai entrenamenduetan, baita partidetan ere, eta ilusioa mantenduz gero gauza handiak egin ditzakegu”.
Unionek liderra harrapatu du
Hamazazpigarren jardunaldiak lidergoan aldaketa ekarri du. Hernanik Donostian galdu zuen —Beriorekin, 3-1—, eta Real Union Bk ez zuen aukera galdu; bere partida irabazi —2-1, Zarautzekin— eta 39 punturekin Hernanirekin berdintzea lortu zuen.
Gol bakarragatik Hernanik jarraitzen du lehen postuan, baina heldu den asteburuan hori alda daiteke, irundarrek hernaniarrek baino partida errazagoa dutelako. Hirugarren tokian Aretxabaleta dago, 23 punturekin, Oiartzunek baino bat gehiago. Ondoren dator 29 punturekin dagoen hirukotea, eta hauen atzetik, Touring (25 puntu) eta Tolosa (24) daude.
Hernani liderra izango da, hain zuzen ere, Hondarribiaren hurrengo aurkaria. Datorren larunbatean jokatuko dute, Hondartza futbol zelaian. Liga ezinhobe hasi zuten hernaniarrek, lehen bederatzi partidak irabazita, baina azkenaldian kili-kolo dabiltza eta dagoeneko lau porrot pilatu dituzte. Denboraldiko lehen partidan Hernanik nagusitu zitzaion Hondarribiari (1-0).