Parte hartze prozesuaren bigarren bilera izango dute Jauregialde eta Guillermo Lazon eremuko bizilagunek gaur
atez atekoaren gainekop parte hartze prozesua baikor baloratu du udalak
Jauregialde eta Guillermo Lazon eremuko bizilagunekin parte hartze prozesuko bigarren bilera egingo du Udalak gaur. Gezalan izango da 18:30etatik aurrera. Horrekin batera, beste bi saio egingo ditu aste honetan, eta amaitutzat emango du parte hartze prozesuaren bigarren bilera sorta. Bihar San Pedro eta Lopeneko auzotarrekin bilduko da musika eskolan eta etzi berriz, gazteekin Kultura Aretoan. Biharko zein etziko saioak 18:30ean hasiko dira.
600 herritarrek parte hartu
Bigarren bilera sorta amaitzeko hiru saio falta direnean, atez atekoaren gaineko parte hartze prozesuaren balorazio «baikorra» egin du udalak. Parte hartu duen herritar kopuruari begira, zein saiotean egindako ekarpenak izan ditu kontuan udalak balorazio hori egiteko garaian. “Lehen saioak erabakiaren berri eman eta herritarrak informatzeko egin genituen. Bigarren txanda honetakoak berriz, herritarren erabaki guneak dira, guztion artean definituko delako Lezorako egokiena den gaikako bilketa sistema”, gogorarazi du. Horren harira, saioetan ematen ari den iritzi trukaketa eta erabakiak hartzeko adostasuna nabarmendu ditu.
Herritarren jarrera eskertu
Dagoeneko 600 herritar inguruk hartu du parte prozesuan eta saioetako giroa eta dinamika «ona» izan dela, eta hainbat erabaki hartzeko garaian “aurrerapauso nabarmenak” eman direla esan du Ainhoa Zabalo alkateak. Herritarren jarrera ere eskertu nahi izan du, “gustura eta harro nago. Herritarrek erakutsi duten kontsentsurako jarrera eta lanerako prestutasuna eskertu nahi ditugu udaletik”. Ekarpen interesgarri asko jaso dituztela eta horietatik batzuk onartu dituztela aurreratu du halaber, Zabalok: “Udalak proposatzen zituen hiru ekarpen guneez gain beste bi gune jartzeko proposamena jaso dugu hainbat auzotan. Proposamenak teknikoki aztertu ondoren, onartu egin dira”.
Parte hartze prozesuaren bigarren zatia amaitzeko gelditzen diren bileretan parte hartzera deitu ditzute herritarrak azkenik, udaletik “gelditzen diren hiru bileretan ere herritarrek beren iritzia eman eta erabakiak hartzeko aukera izango dute. Gure nahia, erabaki gunetan ahalik eta jende gehienak parte hartzea da”.
Hurrengo urratsa, berriz urtarrilerako udalak deituko duen batzar nagusia izango da. Herritarren ekarpenak kontuan hartuta Lezorako definituko den behin betiko bilketa sistema aurkeztuko die udalak lezoarrei.