Torrekua jantzi museo izateko sinadurak biltzen dabil Iraultza dantza taldea
Torrekua berritu zutenetik hutsik egon da, eta orain, hain zuzen, eraikina zerekin bete, horrexek sortu du ika-mika. Eraikina jantzi museo izateko xedearekin berritu zuten duela bi urte, Iraultza dantza taldeak urteak egin ostean nahi horren atzetik. Orain, ordea, udalak ostatu bihurtzeko asmoa azaldu du, eta dantza taldea sinadurak biltzen hasi da Interneten Torrekua jantzi museo izatearen alde (https://sites.google.com/site/torrekuamuseoa). Ramon Garcia Iraultza dantza taldeko kidearen arabera, udalak jantzi museoa irekitzeko dirurik ez zegoela azaldu zien, eta beraiek momentuan onartu egin zuten. Baina irekitzerik ez zegoela ikusita, euren burua aurkeztu zuten boluntario moduan museoa irekitzeko, “astean behin izanda ere”. Bilera horretan bertan, udalak eman zien irtenbidea Torrekuan ostatu bat irekitzea izan zela azaldu du Garciak. Iraultza proposamen horren kontra agertu da hasieratik, “urteak” baitaramatza Errenteria-Oreretan jantzi museoa irekitzearen alde lan egiten, eta Torrekuan egitekoak zirela eta, orain plangintza aldatzearen kontra daude, eta gainera, arrazoi ekonomikoak ere kontuan izan ditu. Ostatu bihurtzeko eraikin osoa berritu beharko litzatekeela esan du, egungoa museo izateko prestatuta dagoelako. “Beraz, ez dago dirurik museoa irekitzeko, eta bat-batean bai ostatu bat eraikitzeko”, gaineratu du Garciak. Proposamena bakarrik Errenteriako Udalak erantzun du ostatuaren gainean egindakoa “proposamena baino” ez dela, eta asmo sendoa agertu du Errenteria-Oreretan jantzi museoa egiteko: “Torrekuarako egiten [...]
Torrekua berritu zutenetik hutsik egon da, eta orain, hain zuzen, eraikina zerekin bete, horrexek sortu du ika-mika. Eraikina jantzi museo izateko xedearekin berritu zuten duela bi urte, Iraultza dantza taldeak urteak egin ostean nahi horren atzetik. Orain, ordea, udalak ostatu bihurtzeko asmoa azaldu du, eta dantza taldea sinadurak biltzen hasi da Interneten Torrekua jantzi museo izatearen alde (https://sites.google.com/site/torrekuamuseoa).
Ramon Garcia Iraultza dantza taldeko kidearen arabera, udalak jantzi museoa irekitzeko dirurik ez zegoela azaldu zien, eta beraiek momentuan onartu egin zuten. Baina irekitzerik ez zegoela ikusita, euren burua aurkeztu zuten boluntario moduan museoa irekitzeko, “astean behin izanda ere”. Bilera horretan bertan, udalak eman zien irtenbidea Torrekuan ostatu bat irekitzea izan zela azaldu du Garciak.
Iraultza proposamen horren kontra agertu da hasieratik, “urteak” baitaramatza Errenteria-Oreretan jantzi museoa irekitzearen alde lan egiten, eta Torrekuan egitekoak zirela eta, orain plangintza aldatzearen kontra daude, eta gainera, arrazoi ekonomikoak ere kontuan izan ditu. Ostatu bihurtzeko eraikin osoa berritu beharko litzatekeela esan du, egungoa museo izateko prestatuta dagoelako. “Beraz, ez dago dirurik museoa irekitzeko, eta bat-batean bai ostatu bat eraikitzeko”, gaineratu du Garciak.
Proposamena bakarrik
Errenteriako Udalak erantzun du ostatuaren gainean egindakoa “proposamena baino” ez dela, eta asmo sendoa agertu du Errenteria-Oreretan jantzi museoa egiteko: “Torrekuarako egiten den proposamen hori kokatu behar da plan estrategiko oso baten bidean, eta horren arabera hartuko da erabakia”. Hori, gainera, udalak bakarrik ez duela hartuko esan du, “plan estrategikoan parte hartzen duten eragileekin batera baizik”.
Iraultzak, ordea, udalak erabakia hartua duela uste du. “Datuak ditugu dena itxita dagoela egiaztatzen dutenak”, zehaztu du dantza taldeko bozeramaileak, “herri bat da hau, eta erraza da jakitea”. Ez du argitu, ordea, zeintzuk diren datu horiek.
Jantzi museoa bezala, ostatua ere beharrezkotzat jo du udalak “Errenteriak dituen beste behar batzuei erantzuteko”, eta horrek Torrekuan egon behar duela iritzi dio, “erdialdean ez dagoelako ezaugarri horiek bete ditzakeen beste eraikinik”. Eta jantzi museoa egiteko beste bi toki proposatu ditu: San Marko eta Kapitan Enea. San Markon dauden hezetasun arazoak konpontzeko bere burua eskaini du.
Iraultzarentzat, ordea, ez da toki egokia, hezetasun eta irisgarritasun arazoak dituelako, eta hezetasunei irtenbidea emateko udala prest agertu arren, berriro gogorarazi du “horretarako dirua badagoela”. Arrazoi bera eman du Kapitan Eneako eraikinarekin: Torrekuan obra egina dagoela eta Kapitan Enean ez. Bi toki horiek proposatu dizkio udalari ostatua egiteko.
Irtenbideak “orain” emateko eskatu dio udalari Garciak, eta jantzi museoa, adibidez, Kapitan Eneara eraman nahi badute onartzeko prest egongo liratekeela, baina obrak “ja” hasiko balituzte. Garciaren arabera, azarotik ez dira bildu bi aldeak, eta azken asteotan, euren desadostasunaren berri ematen ari direla esan du.
Baserritar jantzien erakusketa jarri dute Torrekuan hilaren 21 arte
Hilaren 21a bitartean, XIX. mende bukaera eta XX. hasierako baserritar jantziak ikusi eta ezagutzeko aukera dago Torrekuan, Iraultza dantza taldeak antolatuta. Hamabost jantzi jarri dituzte, gehienak emakumeenak. Museoa astegunetan 17:30etik 20:00etara dago zabalik, eta asteburuan, 17:00etatik 20:00etara.