Gresin enpresa bereganatu du ABB multinazionalak
Prentsa mekanikoak berritzen espezialista da enpresa; hamasei langileak ABBko langile izango dira orain ABB multinazionala, Gresin Grupo Estudios Industriales enpresaz jabetu da. Gresin, prentsa mekanikoak berritzen espezializatutako herriko enpresa pr...
Prentsa mekanikoak berritzen espezialista da enpresa; hamasei langileak ABBko langile izango dira orain
ABB multinazionala, Gresin Grupo Estudios Industriales enpresaz jabetu da. Gresin, prentsa mekanikoak berritzen espezializatutako herriko enpresa pribatua da. ABB Automatizazio eta elektroteknika teknologia multinazionalak jakinarazi duenez, bi aldeek adostu dute salerosketaren gaineko zehaztasunik ez ematea publikoki.
ABBren arabera, Gresin erostea estrategikoa da multinazionalarentzat: «Irtenbide robotizatuetan dugun eskaintza globala zabaltzeko urratsa da». ABBren robotika zuzendari Per Vegard Nerseth-ek zehaztu duenez, Gresinek ABB osatuko du: «Esperientzia handia eta oso baliotsua dauka enpresak, eta horrek prentsak automatizatzeko gure eskaintza osatuko du modu ezin hobean».
ABBren Robotics (robotika) departamentuan integratuta egongo da Gresin aurrerantzean, Discrete Automation and Motion izeneko alorrean. Gresinen lan egiten zuten hamasei langileak, bestalde, ABBren langile izatera pasatuko dira.
Hemezortzi urte lanean
1994. urtean sortu zuten Gresin Oiartzunen eta ezaguna da prentsa ingeniaritza munduan. Lantegian azpimultzoak, konpontze zerbitzuak eta mantenimendu zerbitzuak diseinatu izan dituzte orain arte. Prentsak egiteko lana, berriz, kanpora eramaten zuten. Lan horiek ABBren izenarekin egingo dituzte aurrerantzean.

