“Lan txukuna egiteko gogoz joaten gara, eta lortzean, beti da pozgarria”
Jone Uria: Xenpelar Sarietako txapelduna Kontrakotasunei aurre egin zien Jone Uriak (Algorta, 1990) larunbatean Errenteria Hiria Kulturgunean. Bost mutilekin batera igo zen oholtzara eta bizkaitar bakarra zen Peio Ormazabalekin batera. Hala ere, bera izan zen nagusi, eta Xenpelar Sariko txapela jantzi zuen. Zer esanahi dauka zuretzat Xenpelar Saria irabazi izanak? Poza beti ematen du txapel bat irabazteak. Horrelako sariketak gazteontzat beste plaza bat izaten dira, eta adin inguru horretan gabiltzan Euskal Herri osoko gazteontzat elkar ezagutzeko aukera bat ere bada. Ni saiatzen naiz beste munduko garrantzirik ez ematen, baina beti joaten gara lan txukuna egiteko gogoz, eta lortzean beti da pozgarria. Zer moduz ikusi zenuen zure burua finalean? Hasieran, ofizioan, gai nahiko serioa tokatu zitzaigun Gorka Maizi eta bioi, eta normalean, kostatzen zait horrelako gaietan ondo aritzea. Baina hortik aurrera, ariketa gehienekin pozik. Bost mutil zenituen arerio, eta zu neska bakarra. Hala ere, guztiei gailentzea lortu zenuen. Azken boladan, gure adinean, ez da ezberdintasunik ikusten, behintzat, kopuruari dagokionez. Bizkaiko finalean lau neska eta lau mutil ariko gara. Gero eta garrantzia gutxiago ematen diot horri, gero eta arruntagoa delako. Egia da lehen arraroa ere bazela final batean neska bat egotea, baina niri final horretan, arraroa egin zait, gutxi egin zaidalako neska [...]
Jone Uria: Xenpelar Sarietako txapelduna
Kontrakotasunei aurre egin zien Jone Uriak (Algorta, 1990) larunbatean Errenteria Hiria Kulturgunean. Bost mutilekin batera igo zen oholtzara eta bizkaitar bakarra zen Peio Ormazabalekin batera. Hala ere, bera izan zen nagusi, eta Xenpelar Sariko txapela jantzi zuen.
Zer esanahi dauka zuretzat Xenpelar Saria irabazi izanak?
Poza beti ematen du txapel bat irabazteak. Horrelako sariketak gazteontzat beste plaza bat izaten dira, eta adin inguru horretan gabiltzan Euskal Herri osoko gazteontzat elkar ezagutzeko aukera bat ere bada. Ni saiatzen naiz beste munduko garrantzirik ez ematen, baina beti joaten gara lan txukuna egiteko gogoz, eta lortzean beti da pozgarria.
Zer moduz ikusi zenuen zure burua finalean?
Hasieran, ofizioan, gai nahiko serioa tokatu zitzaigun Gorka Maizi eta bioi, eta normalean, kostatzen zait horrelako gaietan ondo aritzea. Baina hortik aurrera, ariketa gehienekin pozik.
Bost mutil zenituen arerio, eta zu neska bakarra. Hala ere, guztiei gailentzea lortu zenuen.
Azken boladan, gure adinean, ez da ezberdintasunik ikusten, behintzat, kopuruari dagokionez. Bizkaiko finalean lau neska eta lau mutil ariko gara. Gero eta garrantzia gutxiago ematen diot horri, gero eta arruntagoa delako. Egia da lehen arraroa ere bazela final batean neska bat egotea, baina niri final horretan, arraroa egin zait, gutxi egin zaidalako neska bakarra egotea.
Arerio gogorrena Oier Aizpurua izan zenuen. Kanporaketetan berak aurrea hartu zintuen, baina finalean buelta eman diozu horri.
Kanporaketan bera geratu zen aurretik, baina bai kanporaketan eta baita finalean ere, biok lan polita egin dugula uste dut. Azkenean puntu gutxiko aldea eduki dugu. Indartsu eta gogotsu ikusi nuen Oier, eta oso lehiakorra da gainera.
Xenpelar Saria irabazteak, Bizkaiko Txapelketako finalean parte hartuko duen bertsolari bati ateak irekitzen dizkio?
Azkenean edozein plazak irekitzen dizkizu ateak, baina sariketa bat denean eta irabazten duzunean, pentsatzen dut, gehiago. Egia da Bizkaiko Txapelketa Gipuzkoara ez dela hainbeste iristen, eta Gipuzkoan Xenpelarrek baduela bere esangura. Gainera, konturatu nintzen irabazi duen lehenengo bizkaitarra naizela, orduan, meritua bada alde horretatik. Han entzuten aritu zirenengana iristeko modu bat ere bada, eta inguru horretan ezagun egiteko.
Orain Bizkaiko Bertsolari Txapelketa prestatzen ariko zara. Larunbatean duzu finala.
Lehenengo agurrean ere aipatu nuen entrenamendu bezala hartuko nuela, eta azkenean, ondo atera zen. Egia da segur aski ni entrenatuago joango nintzela, beste txapelketa ere badudalako. Buru-belarri gabiltza bertso eskolan. Larunbatean dugu finala, eta ea Xenpelarrena bezain ondo ateratzen zaidan.
Zein helbururekin joango zara?
Xenpelarren bertan bota nuen pare bat aldiz txapela janztera nihoala, baina benetan zortzigarren eginda ere pozik atera naitekeela uste dut. Ea saio polit bat egiten dugun denon artean, eta ahalik eta maila politena eman.