San Silbestre lasterketan izena eman daiteke
Urteko azken txanpan sartzearekin batera San Silbestretako lasterketetarako prestatzen hasteko garaia izaten da, eta Errenteria-Oreretaren kasuan, dagoeneko eman daiteke izena EAT Errenteriako Atletismo Taldeak antolatutako San Silbestre lasterketan. Hilaren 29ra arte egongo da aukera horretarako helduen kasuan, eta korrikalarien muga ere finkatu dute: 750 lagun. Elkarte antolatzaileak jakinarazi du ez dela aukerarik egongo lasterketaren egunean izena emateko. Horrenbestez, helduen kasuan, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta hori EATen webgunean egin behar da. Izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira. Haurrek, berriz, izena emateko eskola kiroleko koordinatzailearen bitartez egin beharko dute, edo egunean bertan 15:30etik 16:15era, udaletxeko arkupeetan. Inola ere ez, webgunearen bitartez. Dohainik izango da eurentzat izen ematea. Euren kasuan, gainera, partaideen kopurua ez da mugatua egongo. Lasterketaren aurreko egunean dortsala eta txipa jaso beharko dira Galtzarabordako kiroldegian (10:00etatik 14:00etara) edo udaletxean (15:30etik 16:45era arte). Lasterketa bukatutakoan txipa entregatu beahrko da. Ibilbidea Helduen kasuan, ibilbidea 7 kilometrokoa izango da, eta berria izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Zumarditik irtengo dira, Donostiarako norabidean, Alfontso XI kalera arte. Hortik ezkerrera egingo dute eta Biteri kalea zeharkatuta, Koldo Mitxelena plazan sartuko dira. Plaza igaro eta Maria Lezora joango dira. Gero, trenbideen arkupetik pasatu eta Madalen kaletik udaletxera hartuko dute. Erdiko eta [...]
Urteko azken txanpan sartzearekin batera San Silbestretako lasterketetarako prestatzen hasteko garaia izaten da, eta Errenteria-Oreretaren kasuan, dagoeneko eman daiteke izena EAT Errenteriako Atletismo Taldeak antolatutako San Silbestre lasterketan. Hilaren 29ra arte egongo da aukera horretarako helduen kasuan, eta korrikalarien muga ere finkatu dute: 750 lagun. Elkarte antolatzaileak jakinarazi du ez dela aukerarik egongo lasterketaren egunean izena emateko.
Horrenbestez, helduen kasuan, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta hori EATen webgunean egin behar da. Izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira.
Haurrek, berriz, izena emateko eskola kiroleko koordinatzailearen bitartez egin beharko dute, edo egunean bertan 15:30etik 16:15era, udaletxeko arkupeetan. Inola ere ez, webgunearen bitartez. Dohainik izango da eurentzat izen ematea. Euren kasuan, gainera, partaideen kopurua ez da mugatua egongo.
Lasterketaren aurreko egunean dortsala eta txipa jaso beharko dira Galtzarabordako kiroldegian (10:00etatik 14:00etara) edo udaletxean (15:30etik 16:45era arte). Lasterketa bukatutakoan txipa entregatu beahrko da.
Ibilbidea
Helduen kasuan, ibilbidea 7 kilometrokoa izango da, eta berria izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Zumarditik irtengo dira, Donostiarako norabidean, Alfontso XI kalera arte. Hortik ezkerrera egingo dute eta Biteri kalea zeharkatuta, Koldo Mitxelena plazan sartuko dira. Plaza igaro eta Maria Lezora joango dira. Gero, trenbideen arkupetik pasatu eta Madalen kaletik udaletxera hartuko dute. Erdiko eta Santa Klara kaleetatik Matxaingo biribilgunera iritsiko dira korrikalariak, eta Fanderiako bidegorriari jarraituko diote. Dario Regollos kalera iritsitakoan, espaloitik zuzen jarraitu, eta bidegorriarekin topo egin bezain pronto, ezkerrera egin eta bidegorritik bueltatuko dira Gabierrotako zubiraino. Auzoa zeharkatu eta Matxaingo biribilgunetik barrena, Zumardian bukatuko dute. Ibilbide horri bi buelta eman beharko dizkiote gazte, senior eta beteranoek.
Haurren ibilbidea kilometro batekoa izango da: Nafarroa Etorbidea, Alfontso XI, Biteri kalea, Biteri Txiki, Andra Mari, Herriko Plaza, Erdiko kalea, Santa Klara eta Zumardia. Bertan parte hartuko dute benjamin, alebin, haur eta kadeteek.