Norbanakotik taldera jauzi egiteko unea
Milaka arazo dituzte, baina horri aurre egiteko kolektibo izaera falta zaie. Orain arteko antolakundeak jazarri ostean, hutsune bat geratu da, eta Euskal Herriko gazteria bilduko duen antolakunde erreferente bat sortzeko beharra ikusi dute zenbait gaztek. Herriz herri eraikitzen ari dira, eta Errenteria-Oreretan ere hasi dira sortze prozesu hori mugitzen. Zukgua prozesua martxan dago joan den ekainetik. Hasieran, bospasei lagunek osatutako talde eragilea eratu zuten prozesu hori gidatzeko, eta uda ondorenetik herriko gazteengana zabaldu dute. Prozesua hiru multzotan banatu dute, eta lehenengo biak bukatu ostean, azkenean sartuko dira. Bertan, gazteen arazo nagusiak bilduko dituzte, horiek identifikatuta, antolakunde berri horren oinarriak finkatzeko. Horretarako lehenengo bilera gaur bertan izango da, 10:30ean Patxiku Erdialdeko Auzo Elkartean, eta bigarrena, berriz, hilaren 27an (osteguna) toki eta ordu berean. Lehenengo bi bileretan gazteek mundu mailan duten egoera eta Euskal Herriko egoera politikoaren gainean hitz egin zuten partaideek. Hori aurrera eramateko hainbat ariketa egin dituzte, eta etxeko egoera politikoaren barruan, Zutik Euskal Herria adierazpena aztertu dute. Deialdi zabala Herriko gazte guztiengana zabaldu dute deialdia, guztien parte hartzea “beharrezkoa” ikusten dutelako. Eñaut Burlada eta Eli Etxabeguren dira prozesu horretan parte hartzen ari diren bi gazte. Burladaren arabera, helburua “ahalik eta gazte gehienei zabaltzea da, ahalik eta iritzi ezberdin gehienekin [...]
Milaka arazo dituzte, baina horri aurre egiteko kolektibo izaera falta zaie. Orain arteko antolakundeak jazarri ostean, hutsune bat geratu da, eta Euskal Herriko gazteria bilduko duen antolakunde erreferente bat sortzeko beharra ikusi dute zenbait gaztek. Herriz herri eraikitzen ari dira, eta Errenteria-Oreretan ere hasi dira sortze prozesu hori mugitzen.
Zukgua prozesua martxan dago joan den ekainetik. Hasieran, bospasei lagunek osatutako talde eragilea eratu zuten prozesu hori gidatzeko, eta uda ondorenetik herriko gazteengana zabaldu dute. Prozesua hiru multzotan banatu dute, eta lehenengo biak bukatu ostean, azkenean sartuko dira. Bertan, gazteen arazo nagusiak bilduko dituzte, horiek identifikatuta, antolakunde berri horren oinarriak finkatzeko.
Horretarako lehenengo bilera gaur bertan izango da, 10:30ean Patxiku Erdialdeko Auzo Elkartean, eta bigarrena, berriz, hilaren 27an (osteguna) toki eta ordu berean.
Lehenengo bi bileretan gazteek mundu mailan duten egoera eta Euskal Herriko egoera politikoaren gainean hitz egin zuten partaideek. Hori aurrera eramateko hainbat ariketa egin dituzte, eta etxeko egoera politikoaren barruan, Zutik Euskal Herria adierazpena aztertu dute.
Deialdi zabala
Herriko gazte guztiengana zabaldu dute deialdia, guztien parte hartzea “beharrezkoa” ikusten dutelako. Eñaut Burlada eta Eli Etxabeguren dira prozesu horretan parte hartzen ari diren bi gazte. Burladaren arabera, helburua “ahalik eta gazte gehienei zabaltzea da, ahalik eta iritzi ezberdin gehienekin osatzeko”. Etxabegurenek gaineratu duenez, ez dute gutxi batzuen artean sortu nahi, “abaniko zabal bat nahi dugu”. Orain arte egindako bileretan «eztabaida anitza» izan dutela aurreratu du: “Askotariko jendea egon da, adin ezberdinetakoak eta iritzi ezberdinetakoak”.
Hori bai, jendea erakartzea kostatzen ari zaiela onartu dute prozesuan parte hartzen ari diren bi gazteek. “Atera dugun ondorioetako bat izan da jendea arazoaz kontziente dela, baina zuzenean eragiten ez dieten gaiei ez dietela aurre egiten”, adierazi du Burladak.
Gazte lokalak horren adierazle direla uste du Etxabegurenek: “Jendea lokalean sartuta dago, eta hori, azken finean, indibidualizazioaren ondorio da. Bakoitzak bere buruari begiratzen dio, eta ‘niri eragiten badit zerbait egingo dut’ diote, baina ez dute bere burua ikusten kolektibo bezala”.
Zukgua prozesuak horretan eragin nahi duela argitu dute: “Zuk eta gu. Norbanakotik kolektiborako urratsa da. Norbanako bezala ditugun arazo guztiak kolektiboak direla esan nahi du, eta horri aurre egiteko norbanako bezala ezin dugula, eta kolektibo bezala aurre egin behar diogula”.
Gazteek dituzten arazoak ugari direla uste dute, baina hiru nabarmendu dituzte: etxebizitza, hezkuntza eta lana. Hala ere, datozen bileretan jendearen iritzi eta ekarpen gehiago biltzen joango dira, eta hor arazo gehiago ere aterako dira, gero antolakunde berriaren oinarriak finkatzeko.
Behin hori eginda, udaberri ingururako antolakundearen izena erabakita egongo dela uste dute, eta udara alderako, aurkeztuko dutela. “Ez dakigu ziur noizko egongo den bukatuta. Azken finean, herri guztiek ez daukate erritmo bera, eta bakoitzak bere ondorioak atera arte ezingo dira antolakundearen oinarriak finkatu”. Gazteak bertan parte hartzera animatu dituzte, “Euskal Herri mailako gazte antolakundea izango denaren oinarriak zehazteko aukera izango baitute”.


