Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak joan den igandean egin zuen “lehenengo aurkezpen handia” Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, eta “baikor” azaldu dira antolatzaileak Irrigintza Jairen gaineko balorazioa egiterakoan: “Auzolan zabal-zabala izan da lehenengo jaia. Bigarrena zabalagoa izateko indarra ere bildu genuen jaian, eta baita Oarsoaldeko lau herrietako aisia egiturak jorratzen hasteko ere”.
Horren harira, joan den igandekoa euskara, balio hezitzaile, auzolan eta herritarren parte hartzea oinarri dituen eskualde mailako egitasmoaren abiapuntua izan dela nabarmendu dute, eta beraz, hemendik aurrera, lanean jarraituko dutela.
Parte hartzea eskertu
Balorazioarekin batera, eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek eguna posible egin zuten guztiei. Aurkezpen lanean eta jaia girotzen aritu zen Zortzikotea aipatu dute lehenik. Horiekin batera, Pasaiatik joandako batelariei; Errenteria-Oreretako Xanti eta Maialen erraldoei eta buruhandiei; Lezoko Trapujale, Zabarre pirata eta bere taldeari; Oiartzungo sorgin eta intxisuei; Porrotx eta Lasartetik joandako gazte koadrilari; Salto eta Brinkori; Tomax pailazoari; oholtza gainetik pasatakoei; antolaketa lanean aritutakoei, eta ikusle guztiei ere azaldu diete esker ona.
Baina umeen protagonismoa nabarmendu dute batez ere. Oarsoaldeko lau udalerrietan azken hilabetean parte hartze prozesua landu dute, eta egindako saio horietan jasotakoa eraman zuten oholtza gainera: “Muralak, bertsoak, kantuak, dantza, bideoak… eta batez ere euren hitzak erabilita mikrofonoari beldur handiegirik ez diotela erakutsi ziguten”. Haurrek nolako herria, eta nolako aisia nahi duten azaldu zuten, eta hurrengo urratsa, adostutako horiek egi bihurtzea izango da. Epeak ere jarri dituzte, eta urtarrilean ekingo diote lanari, auzolanean, Lezon, Errenteria-Oreretan, Pasaian eta Oiartzunen, egitasmoan parte hartzen ari diren haur eta helduek. Horretarako ateak zabalik direla gogorarazi dute egitasmoaren sustatzaileek, “gustua baduzue, parte hartu dezakezue gurekin batera, eta denon artean jarraituko dugu herria egiten”.
Jaiaren gaineko argazkiak eta egitasmorako sortutako Ipuinak egi bihurtuz kantarekin egindako flashmob-a datorren astean oarsoirriak.net webgunean zintzilikatuko dituztela jakinarazi dute, “hurrengo urteko jaiaren zain gauden bitartean”. Hurrengo jai hori Errenteria Oreretak hartuko du udaberrian.