Don Boscok energia eraginkortasuna landuko du
Lehen aldiz klimaren arabera, geotermia edo aerotermia egokiena den frogatzeko ikerketa bat egingo dute, eta bertan parte hartuko du Don Bosco lanbide heziketako institutuak. Beste bi zentro ere badaude: IES Inca Garcilaso de Montilla (Kordoba, Espaini...
Lehen aldiz klimaren arabera, geotermia edo aerotermia egokiena den frogatzeko ikerketa bat egingo dute, eta bertan parte hartuko du Don Bosco lanbide heziketako institutuak. Beste bi zentro ere badaude: IES Inca Garcilaso de Montilla (Kordoba, Espainia), eta IES Virgen de Gracia de Puertollano (Ciudad Real, Espainia). Vaillant enpresarekin batera eramango dute aurrera proiektua.
Zentro bakoitza klima batean kokatuta dago: epela (Errenteria-Orereta), kontinentala (Ciudad Real) eta beroa (Kordoba). Bakoitzean eraikinen klimatizaziorako erabiltzen diren geotermia eta aerotermia sistemen portaera ikusi nahi dute, eta klimaren arabera, toki bakoitzerako merkeena eta eraginkorrena zein den frogatu.
Horretarako, zentro guztiak modu berean prestatu dituzte, eta denek ezaugarri berberak dituzte: gela 100 metro koadrokoa da, zoru erradiatzaile-freskagarria du, eta 100 metroko sakonera duen zuloa egin dute. Bakoitzean 6 kilowatt-dun bonba geotermiko bat jarri dute. Hori zoru erradiatzailera lotua dago, eta horrekin 100 metro koadroko gela klimatizatzea da helburua.
Hiru zentroak, gainera, monitorizatuak daude, eta datu guztiak modu zehatzean jaso ahal izango dituzte. Bi urtean ondorioak jasotzea espero dute.
Don Boscoren arabera, oso garrantzitsua izan da Vaillantekin izan duten lankidetza, alde bati zein besteari onurak ekartzen dizkiolako. Etorkizunerako ere prest agertu dira lankidetza gehiago aurrera eramateko.