Euskararen eguna ospatzen ari dira Talaian eta Kasino Zaharrean
Abenduaren 3arekin Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Talaia Eskolako egutegian ere errotulagailuz borobildutako eguna da. Eskolara sartzerako unean musika jarrita zegoen Talaia, Biteri eta Bordari ikastetxeetan; hizkuntzaren aldeko hitzak d...
Abenduaren 3arekin Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Talaia Eskolako egutegian ere errotulagailuz borobildutako eguna da. Eskolara sartzerako unean musika jarrita zegoen Talaia, Biteri eta Bordari ikastetxeetan; hizkuntzaren aldeko hitzak dituzten betiko eta egungo abestiak entzun zitezkeen hiru zentroetan. Astean daramate egun honen zain eta beste zenbait astez iraungo duen ekintza bat egiten ari dira. Izan ere, Talaiako eraikinetako pasilloetako paretetan paperezko zuhaitz handiak jarri dituzte, eta gaur goizean ikasle bakoitzak hosto bat itsatsiko du zuhaitz horietako batean, euskarari lotutako gustuko hitz batekin. Loli Gartzia zuzendariak esan digunez, hilabete osoan mantenduko dituzte euskarazko oroitzapen onen zuhaitzak Talaian, “egunero lelo horiek ikusi, gogoratu eta praktikan jar ditzaten”.
Mintzodromoa, Kasino Zaharrean
Udal euskaltegiko irakasle eta ikasleek ere bat egin dute Euskararen Egunarekin. 10:00etatik Mintzodromoa egiten ari dira Kasino zaharrean. Beraiek antolatutako ekitaldia da, baina herritar guztiei irekita. Mahaiak jarri dituzte eta, mahai horien inguruan, ikasleak eta herritarrak bildu dira, euskaraz mintzatzeko.
Udaleko euskara arlotik esan dutenez, parte hartzaile bakoitzak beste hainbat lagunekin praktikatzeko aukera izango du: ”Partaideak hainbat mahairen inguruan eta lagun giroan eguneroko gaiei buruz berriketan aritzea da asmoa, kafetxo bat hartzen duten bitartean, eta gai baten eta bestearen artean parte hartzaileak mugituko dira mintzakidez ere aldatuz”.

