Presoen aldeko lasterketa izango da hilaren 30ean
Preso eta iheslarien egoera salatu eta haiei elkartasuna adierazteko asmoz, Oiartzungo Herrirak herri lasterketa antolatu du hilaren 30erako (igandea). Ibilbidea 6,5 kilometrokoa izango da, eta horiek osatzeko 200 korrikalari biltzea da asmoa. Lasterk...
Preso eta iheslarien egoera salatu eta haiei elkartasuna adierazteko asmoz, Oiartzungo Herrirak herri lasterketa antolatu du hilaren 30erako (igandea). Ibilbidea 6,5 kilometrokoa izango da, eta horiek osatzeko 200 korrikalari biltzea da asmoa. Lasterkari bakoitzak ibilbidea osatuta, presoengandik banantzen dituzten 1.200 kilometroak osatu nahi dituzte. “Herriko presoak bisitatzera joateko hainbat kilometro egin behar dira astero. Denera, Oiartzungo presoak 1.200 kilometrora daude”, azaldu du Herrirak.
Aurten lehenengoz antolatu dute lasterketa, baina asmoa urtero egitea dela jakinarazi du Herrirak: “Hutsik dauden aulkiak bete arte antolatzeko asmoa dugu”.
Oiartzuar zein inguruko herritarrak animatu dituzte lasterketan parte hartzera, haur, gazte zein heldu. Dagoeneko izena eman daiteke, eta herriko tabernetan egin ahal izango da. Izena ematearekin batera, 6 euro ordaindu behar dira, eta trukean kamiseta bat jasoko dute korrikalariek. Elastikorik nahi ez dutenentzat izen emateak 2 euro balioko du.
Haurren lasterketa 11:30ean aterako da, eta helduena, berriz, 12:00etan. Lasterketa plazatik abiatuko da, eta Ergoien, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetatik pasatuko da berriro plazara iristeko.
Informazio gehiago Facebook eta Twitterren lor daiteke Oiartzungo Herri Bilgunea jarraituz.