Kaltetuen etengabeko jarioa
Herritarrak euren aukeretatik harago bizi izan direlako ematen direla desjabetzak maiz entzuten da politikarien ahotan. Ez da hori Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformako kideek uste dutena. Miren Olaetxea kidearen aburuz, “gutxieneko” kasuak direla horiek Behe Bidasoan aipatu du, eta gehienetan, “familia arruntak” direla aitortu du. “Etxebizitza nagusia erosten dutenak dira, edota beren etxebizitza, gurasoena edo negozioa berme bezala jarri dutenak” izan ohi direla kaltetuak argitu du. Euskal Herrian bi dira dagoeneko desjabetzeen ondorioz hil honetan zehar beren buruaz beste egiten duten lagunak; Amaia Egaña Barakaldon (Bizkaia) eta Manolo Reguera Donezteben (Nafarroa). Barakaldoko gertakarien harira, Kutxabankek kaleratzeak etengo zituela adierazi zuen arren, hori betetzen ari ez dela argi gelditu da Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformak asteartero Irungo Lakaxita gaztetxean egiten duen batzarrean. Hamarnaka kaltetu Kaltetuekin lan ildoak finkatu, kasu horien errepasoa egin eta kasu berriak aztertzen dira asteartero Lakaxitan. Eta astero kaltetu berriak agertzen dira. Etengabeko jario honen ondorioz, hogei lagunen kasuetan buru- belarri murgilduta dago desjabetzeen aurkako kolektiboa, baina hala eta guztiz ere, kopurua 30era ere iritsi izan dela zehaztu du Olaetxeak. Bidasoan, etxe kaleratze gehienak Irunen ematen diren arren, Hendaian etxebizitza erosi eta hipoteka Hego Euskal Herriko banku edo aurrezki kutxaren batekin sinatutako kaltetuekin ere lanean ari direla adierazi du gazteak. [...]
Herritarrak euren aukeretatik harago bizi izan direlako ematen direla desjabetzak maiz entzuten da politikarien ahotan. Ez da hori Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformako kideek uste dutena. Miren Olaetxea kidearen aburuz, “gutxieneko” kasuak direla horiek Behe Bidasoan aipatu du, eta gehienetan, “familia arruntak” direla aitortu du. “Etxebizitza nagusia erosten dutenak dira, edota beren etxebizitza, gurasoena edo negozioa berme bezala jarri dutenak” izan ohi direla kaltetuak argitu du.
Euskal Herrian bi dira dagoeneko desjabetzeen ondorioz hil honetan zehar beren buruaz beste egiten duten lagunak; Amaia Egaña Barakaldon (Bizkaia) eta Manolo Reguera Donezteben (Nafarroa). Barakaldoko gertakarien harira, Kutxabankek kaleratzeak etengo zituela adierazi zuen arren, hori betetzen ari ez dela argi gelditu da Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformak asteartero Irungo Lakaxita gaztetxean egiten duen batzarrean.
Hamarnaka kaltetu
Kaltetuekin lan ildoak finkatu, kasu horien errepasoa egin eta kasu berriak aztertzen dira asteartero Lakaxitan. Eta astero kaltetu berriak agertzen dira. Etengabeko jario honen ondorioz, hogei lagunen kasuetan buru- belarri murgilduta dago desjabetzeen aurkako kolektiboa, baina hala eta guztiz ere, kopurua 30era ere iritsi izan dela zehaztu du Olaetxeak.
Bidasoan, etxe kaleratze gehienak Irunen ematen diren arren, Hendaian etxebizitza erosi eta hipoteka Hego Euskal Herriko banku edo aurrezki kutxaren batekin sinatutako kaltetuekin ere lanean ari direla adierazi du gazteak. Horrez gain, Hondarribian ere lehen kaltetu baten berri eduki dutela adierazi zuten herriko zenbait kidek bileran. Ondorioz, Stop Kaleratzeak taldea Hondarribian indartzeko eta bertan presentzia nabarmenagoa edukitzeko lehen urratsak egiten hasi dira.
Hamaika dira batzarrean entzundako abizenik gabeko izenak, eta beste hainbeste, etxe kaleratzea eman arte eta horren ondotik bizitako egoerak. Kaltetuen profilean ere, denetarik: etorkinak, banandutako emakumeak, langabeak, seme-alaba laguntzeko euren etxea berme gisa jarri zuten gurasoak… Hori dela eta, boluntario moduan lan egiten duen psikologoren baten zerbitzua eskura edukitzea nahiko luketela azaldu du Olaetxeak. Izan ere, plataformako kidearen arabera kaltetu batzuk egora psikologiko txarrean joaten zaizkie, “horregatik, abokatuek laguntzen gaituzten bezala, psikologo baten laguntza ere beharrezkoa ikusten dugu”.
Mozioa udalbatzarrean
Bildu, EB-Berdeak eta EAJren udal taldeek Stop Kaleratzeak plataformarekin adostutako mozioa aurkeztu zuten atzo iluntzean Irungo udaletxean egindako udalbatzarrean. Kolektiboak alderdiei helarazitako eskarien artean, besteak beste, Kutxari etxe kaleratzeak etetekoaren ingurukoa zegoen. Kutxak hori onartu ezean, udalaren kontu guztiak beste aurrezki kutxa batera eramateko eskaria egingo zuen plataformak. Udalbatzarra Hitza-ren edizioa itxi orduko hastear zen.


