“Benetako iraultza izan da gaixoa bere gaixotasuneko protagonista egitea”
Wilson Astudillo. Ardura Paliatiboetarako Euskal Elkarteko presidentea Hilzorian daudenen familiei begira, jardunaldi bat egin zuten atzo Reina aretoan. Ekitaldi hori Ardura Paliatiboetarako Euskal Elkarteak eta Mugarik Gabeko Paliatiboak-ek antolatu zuten, eta bi elkarteetako burua da Wilson Astudillo medikua (Rio Bamba, Ekuador, 1946). Jardunaldiaren xehetasunak kontatu dizkio Oarso Bidasoko Hitza-ri saioa hasi aurretik. Zein helbururekin antolatu dituzue jardunaldiak? Gure helburu nagusia da fase terminalean dauden gaixoen bizi kalitatea hobetzea. Gaixoa hobeto zaintzea familien formakuntzaren bidez lortzea da asmoa. Garrantzitsua da familiak gaixoaren zainketan laguntzea, gaixotasuna eramaten laguntzeaz gain, baita galerarako prestatzeko ere. Gaixotasunak hainbat fase ditu, eta garrantzitsua da bakoitzean babes eta informazio zehatza ematea. Hala da. Diagnostikatzen dizuten momentutik hasita gaixotasuna garatzen den arte, denbora erabilgarri bat du gaixoak hainbat gauza egiteko. Diagnostikoa ematen dizutenean ez du esan nahi ezin denik ezer egin. Hil aurreko etapa horretan gaixoaren bizi kalitatea manten daiteke, eta heriotza prestatzen ere laguntzen zaio. Laguntza paliatiboek sintoma gogaikarriak baretzen dituzte, eta horrekin batera bizi kalitatea hobetzen da, baina familiaren zainketa onarekin osatu behar da hori. Egitarau anitza prestatu duzue. Kontuan izan al duzue fase bakoitza prestatzerako garaian? Hala da. Esaterako, gaixoaren zainketa antolatzea oinarrizko elementua da, ez gaudelako prestatuta gaixo bat etxean edukitzeko. Nagore Vazquez psikologoak [...]
Wilson Astudillo. Ardura Paliatiboetarako Euskal Elkarteko presidentea
Hilzorian daudenen familiei begira, jardunaldi bat egin zuten atzo Reina aretoan. Ekitaldi hori Ardura Paliatiboetarako Euskal Elkarteak eta Mugarik Gabeko Paliatiboak-ek antolatu zuten, eta bi elkarteetako burua da Wilson Astudillo medikua (Rio Bamba, Ekuador, 1946). Jardunaldiaren xehetasunak kontatu dizkio Oarso Bidasoko Hitza-ri saioa hasi aurretik.
Zein helbururekin antolatu dituzue jardunaldiak?
Gure helburu nagusia da fase terminalean dauden gaixoen bizi kalitatea hobetzea. Gaixoa hobeto zaintzea familien formakuntzaren bidez lortzea da asmoa. Garrantzitsua da familiak gaixoaren zainketan laguntzea, gaixotasuna eramaten laguntzeaz gain, baita galerarako prestatzeko ere.
Gaixotasunak hainbat fase ditu, eta garrantzitsua da bakoitzean babes eta informazio zehatza ematea.
Hala da. Diagnostikatzen dizuten momentutik hasita gaixotasuna garatzen den arte, denbora erabilgarri bat du gaixoak hainbat gauza egiteko. Diagnostikoa ematen dizutenean ez du esan nahi ezin denik ezer egin. Hil aurreko etapa horretan gaixoaren bizi kalitatea manten daiteke, eta heriotza prestatzen ere laguntzen zaio. Laguntza paliatiboek sintoma gogaikarriak baretzen dituzte, eta horrekin batera bizi kalitatea hobetzen da, baina familiaren zainketa onarekin osatu behar da hori.
Egitarau anitza prestatu duzue. Kontuan izan al duzue fase bakoitza prestatzerako garaian?
Hala da. Esaterako, gaixoaren zainketa antolatzea oinarrizko elementua da, ez gaudelako prestatuta gaixo bat etxean edukitzeko. Nagore Vazquez psikologoak esango digu nola jokatu behar den, gaixoa etxean zaintzeko zein behar fisiko eta material behar diren… Horrez gain, familiako kide bakoitzaren lanaren eta oinarrizko zaintzailearen figuraren garrantzia azalduko du, bera baita mediku eta familiaren arteko lotura. Zainketa onak norbait erretzea saihesten du. Oso garrantzitsua da lanak ongi banatzea.
Bestetik, Jesus Muñozek bizitzaren bukaeran gaixoen beharrak zeintzuk ziren aztertuko du. Zentzu horretan, behar fisiko batzuk daude, baita psikosozialak ere, eta gaixotasunaren bukaeran gehiago nabarmentzen dira. Esaterako, artatua, entzuna, maitatua sentitu behar du. Horrez gain, tratamenduan ere parte hartzea behar du, eta bere iritziak errespetatu behar dira.
Gaixo terminalen elikadurari buruz ere hitz egingo du Nerea Suarez Matia Ospitaleko kideak. Gaixo terminaletan aldaketak daude elikaduran, askotan jateko gogoa galtzen baitute gaixo horiek.
Azkenik, Eduardo Clave medikuak aldez aurretik adierazitako azken nahien garrantzia azalduko du. Clavek urte asko egin ditu Donostiako Ospitaleko Etika Batzordeko presidente bezala. Oso gai garrantzitsua da, gaixoak izan behar baitu bere bizitzako etapa horretako protagonista. Bere borondatea eta nahiak ezagutu behar dira, horien arabera, ekiteko. Adibidez, bihotza geratzen zaionean agian gaixotasunak bere ibilbidea jarraitzea nahi du. Nabarmendu nahi dut hori egin daitekeela hemen. Aldez aurreko borondateen erregistro bat dago, eta beraz, testuinguru horietan zer egin zehazten dute.
Asko aurreratu da tratamenduan eta gaixoaren bizi kalitatean.
Hala da. Lortu ahal izan da zainketa paliatiboetarako unitateak egotea ospitaleetan eta zerbitzu paliatiboak zabaltzea etxez etxeko ospitalizazioaren bidez, ia-ia ospitaleko artatzearen maila berean. Garrantzitsua izan da ere gaixoen sintomak ongi kontrolatuta edukitzea, eta sedazioa aldez aurreko eskaeretan biltzea. Funtsezko aldaketa bat izan da diagnostikoaren komunikazioa. Orain, ez dago garai bateko paternalismorik. Familia eta medikua ziren diagnostikoa ezagutzen zuten bakarrak, eta gaixoa ez. Orain, berriz, gaixoa informatzen dugu, nahi izanez gero, bere tratamenduan parte har dezan. Benetako iraultza izan da gaixoa, gaixotasuneko protagonista egitea.
Senitartekoa hil ondoren jarraitzen al du tratamenduak?
Familiei jarraipen bat egiten saiatzen gara. Gaixoa eta familia tratamendu batean biltzen dira, eta familia babesteak gaixoa hil eta gero ere irauten du. Hainbat laguntza ematen dizkiegu doluaren garaian.