Catelsaren eskaintza «eskasa» dela uste du enpresa batzordeak
Birkokatze plana, urteko 30 eguneko kalteordainak eta erretiroak proposatu ditu enpresak Atzo bildu ziren enpresa batzordea eta Catelsako ordezkariak. Azkenean, ez zen itxiera epeei buruzko informazio bilera bakarrik izan. Langileei zein baldintzetan kaleratuak izango diren jakinarazi zieten, eta enpresa batzordearen iritziz, baldintza horiek «eskasak» dira. Hiru ataleko proposamena egin du enpresak, Kepa Olaiz batzordeko kideak jakinarazi duenez. Lehen zutabea birkokatzeari dagokio: «Enpresak, legez, kalera doazen langileak lagundu behar ditu. Catelsak sei hilabeteko plana proposatu digu, eta formazioa jasoko genuke. Hala ere, barregarria iruditu zaigu, ez digutelako eskaintza zehatzik egin, eta gainera lan merkatua egun oso eskasa da». Beste bi zutabeak edo proposamenak, kaleratzeei buruzkoak dira. Bata, erretiroen gainekoa. Horren arabera, 58 urtetik gorako langileek izango lukete aurretik erretiratzeko (aurrejubilazioa) aukera. Adin horretatik gorakoak zazpi langile dira Catelsan. Beste proposamena kalte-ordainei buruzkoa da. Gainontzeko langileek, 58 urtetik beherakoek, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko ordaina jasoko dute, gehienez hemezortzi urtera arte. Catelsako langile gehienek, hamar urte inguru daramatzate lanean, «beraz, ez lukete jasoko urte bateko soldata ere». Talde hori geldituko da egoera kaskarrenean Olaizen iritziz. «Lan merkatua oso eskasa da, eta gazteentzat egoera ez da batere erraza. Horrez gain, 50-58 adin tartean daudenek ere ez dute irtenbide erraza. Urte batzuk falta [...]
Birkokatze plana, urteko 30 eguneko kalteordainak eta erretiroak proposatu ditu enpresak
Atzo bildu ziren enpresa batzordea eta Catelsako ordezkariak. Azkenean, ez zen itxiera epeei buruzko informazio bilera bakarrik izan. Langileei zein baldintzetan kaleratuak izango diren jakinarazi zieten, eta enpresa batzordearen iritziz, baldintza horiek «eskasak» dira.
Hiru ataleko proposamena egin du enpresak, Kepa Olaiz batzordeko kideak jakinarazi duenez. Lehen zutabea birkokatzeari dagokio: «Enpresak, legez, kalera doazen langileak lagundu behar ditu. Catelsak sei hilabeteko plana proposatu digu, eta formazioa jasoko genuke. Hala ere, barregarria iruditu zaigu, ez digutelako eskaintza zehatzik egin, eta gainera lan merkatua egun oso eskasa da».
Beste bi zutabeak edo proposamenak, kaleratzeei buruzkoak dira. Bata, erretiroen gainekoa. Horren arabera, 58 urtetik gorako langileek izango lukete aurretik erretiratzeko (aurrejubilazioa) aukera. Adin horretatik gorakoak zazpi langile dira Catelsan.
Beste proposamena kalte-ordainei buruzkoa da. Gainontzeko langileek, 58 urtetik beherakoek, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko ordaina jasoko dute, gehienez hemezortzi urtera arte. Catelsako langile gehienek, hamar urte inguru daramatzate lanean, «beraz, ez lukete jasoko urte bateko soldata ere».
Talde hori geldituko da egoera kaskarrenean Olaizen iritziz. «Lan merkatua oso eskasa da, eta gazteentzat egoera ez da batere erraza. Horrez gain, 50-58 adin tartean daudenek ere ez dute irtenbide erraza. Urte batzuk falta zaizkie erretiratzeko, baina merkatuan ere ez dute ia tokirik», salatu du.
Hiru proposamenak entzunda, enpresa batzordeak jakinarazi zien Catelsako ordezkariei eskaintza «penagarria» ere badela. Gaur langileekin bilduko dira komiteko kideak, egoera azaldu eta zer egin erabakiko dute.
LABek greba deitu du
LAB sindikatuak dagoeneko grebara deitu du Catelsan. Pasa den ostiralean jakinarazi zuen aurreabisua sartu zuela, zortzi eguneko greba egiteko. Langileei azalpenak eman ondoren, langileek ere grebarekin bat egitea espero du Olaizek: «Borrokatzea, mugitzea da proposamena, bereziki eskaintza horien aurrean». Gainontzeko sindikatuek ere erabaki beharko dute LABen deiarekin bat egin edo ez.
Langileen edo sindikatuen erabakia dena dela, LABek hilaren 29an hasiko du greba hori (etzi). Aurreabisua sartuta, beste eskaintza bat izatea espero zuten, baina ez denez hala izan, greba egingo dute. Olaizek zehaztu du, baina, ez dela jarraia izango. «Txandakakoa izango da: egun bat greba, egun bat lana», zehaztu du.
Proposamenak
Birkokatzea
- Sei hilabeteko plana. Formazioa jasoko lukete langileek, baina ez lan merkatuan sartzeko irizpiderik.
Erretiroak
- 58 urtetik gorakoentzat. Catelsan zazpi pertsona daude egoera horretan.
Kalte-ordainak
- 58 urte artekoentzat. Lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte-ordaina jasoko lukete, gehienez hemezortzi urteko mugara arte. Hemezortzi hilabeteko kalte-ordaina jasoko lukete langileek, beraz, gehienez.