Spartak taldeko entrenatzaile postutik kendu dute Unai Emery
Unai Emery hondarribiarrak ez du Moskuko Spartak taldeko entrenatzaile izaten jarraituko, atzo kendu baitzuten kargutik, bere taldeak etxean Dinamoren kontra 1-5 galdu eta gero. Emaitza txarrengatik eta taldeak erakutsitako jokoarengatik hartu du eraba...
Unai Emery hondarribiarrak ez du Moskuko Spartak taldeko entrenatzaile izaten jarraituko, atzo kendu baitzuten kargutik, bere taldeak etxean Dinamoren kontra 1-5 galdu eta gero. Emaitza txarrengatik eta taldeak erakutsitako jokoarengatik hartu du erabakia taldeak.
Lehen denboraldia zuen Emeryk Moskun, Valentzia taldea utzita, baina gauzak ez zaizkio ondo atera. Gainera komunikabideekin ez du harreman onik izan. Atzo, Valery Karpin kirol zuzendariak Emery kaleratzea erabaki zutela esateko prentsa agerraldia eman zuenean kazetariek txaloka erantzun zuten. Karpin bera izango da aurrerantzean Moskuko Spartak taldeko entrenatzailea.
Emeryk Errusiako Ligako zazpigarren postuan utzi du taldea, lider den CSKAtik hamar puntura. Gainera, Kopatik eta Champions League txapelketatik eliminatuta dago Spartak. Zale askoren ustez, zuzendaritzak egin izan dituen fitxaketa kaxkarrengatik dago taldea egoera horretan, eta ez Emeryren erruz. Moskun egindako ibilbidea laburra izan den arren, ez dirudi hondarribiarrak lana aurkitzeko arazorik izango duenik, asko baitira bera fitxatu nahiko luketeen taldeak.

