Laguntzarik eskatu ez izana leporatu dio EAJk Bilduri
Laguntzarik eskatu ez izana leporatu dio EAJk Bilduri
Eusko Jaurlaritzak garapen iraunkorraren aldeko ekimenak sustatzeagatik diruz lagundu dituen udalerrien artean Lezo ez dela azaltzen salatu du Kepa Garbizuk, Lezoko EAJren bozeramaileak.
Gasteiztik bultzatutako ekimenak, lurzoruak berreskuratzeko, airearen kalitatea hobetzeko, eta biodibertsitatea sustatzeko neurriak sustatzea bilatzen zuela gaineratu du Garbizuk: “Hilaren 16an argitaratu da laguntzen gaineko ebazpena, eta Lezo ez dago diruz lagundu duten udalerrien artean, eta ezta ez onartutako herrien artean ere. Lezo ez bada ageri, bere udal gobernuak diru eskaerarik ez duelako egin izan da, ez dago bestelako arrazoirik”.
Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimenen gaineko aipamena ere egin du EAJk: “Biogasa instalatzeko eraikinak edo hiriko berokuntza sareak egin, udaletxeetarako ibilgailu elektrikoak erosi, landare inbaditzaileekin amaitu, eta hezegune edo ibaietako biodibertsitatea lehenarazteagatik eman dituzte laguntzak, besteak beste”.
Onuradunei dagokionez, berriz, “tamaina handi eta txikiko” udalerriak daudela gaineratu du, eta Bilbo, Barakaldo, Zerain, Errenteria eta Donostia aipatu ditu.
Justifikazio eskaera
Bilduri laguntza eskaerarik egin ote zuen galdetu ziola azaldu du, bestalde, Garbizuk: “Uztailaren 26ko udalbatzarrean idatziz egin genion galdera gobernu taldeari. Ohi den bezala, ez genuen erantzunik jaso, ez ahoz eta ez idatziz, ez orduan ezta orain ere”.
Horrenbestez, Bilduri hartutako erabakia “justifika dezala” eskatu dio Garbizuk.

