Irrien lagunak taldeak gaur egingo du bigarren parte hartze saioa
Haurren partehartze prozesua joan den ostiralean abiatu zuten
Irrien Lagunak Lezon taldeak, gaur arratsaldean egingo du bigarren parte hartze saioa haurrekin. Pasaia-Lezo Lizeoaren egoitzan egin dute hitzordua 17:00etatik aurrera. Hilaren 16an jarri zuten martxan parte hartze prozesua, eta lehenengo saioaren balorazio “baikorra” egin dute taldekideek, izan ere 38 haur bildu ziren ekimenera. Arte lana sortu izenburupean globo jolasa eta marrazkiak baliatuta “bakoitzak eman dezakenetik abiatuta, guztien artean zerbait eraikitzeko gai garela ikustaraztea” izan zutela helburu azaldu dute antolatzaileek.
Bihar, “arratsalde pasa”
Biharko berriz, “arratsalde pasa” antolatu dute. Abenduaren 2an Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak egingo duen jaia aurkeztearekin batera, merienda ere egingo dute, “txokolate goxo-goxoa banatuko dugu parte hartzen duten haurren artean”.
Lezoko Irrien Lagunak taldeko kideek lezoar guztiak animatu dituzte egitasmoarekin zein biharko antolatu duten egitarauarekin bat egitera, “euskaraz eta familia giroan arratsalde polita pasako dugulako”.
Biharko egitaraua:
- 17:00: Oiartzunen abenduaren 2an Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak antolatu duen jaiaren aurkezpena.
- 17:15: dantza eta kantaren aurkezpena.
- 18:00: Merienda goxo-goxoa.