«Biolentzia matxistaren kontrako» konpromisoa berretsi dute udalek
Politika integralak bultzatuko dituztela jakinarazi dute, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute
Oarsoaldeko lau udaletako ordezkariek, «biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko» konpromisoa adierazi zuten atzo berriro, Errenteria-Oreretan egindako agerraldian.
Indarkeria horri aurre egiteko politika integralak bultzatuko dituztela jakinarazi zuten, heziketatik hasi eta erantzun soziala artikulatzeraino. «Emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko» asmoa agertu zuten lau herrietako ordezkariek, eta horretarako mugimendu feminista entzun eta berarekin parte hartuko dute.
Bide horretan, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak hartuko dituzte, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begira; bere horretan utziko dituzte indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko programa guztien aurrekontuak, eta horrez gain, autodefentsa feministaren beharra transmitituko dute, eta emakumeak animatuko dituzte, baita beharrezko bitartekoak jarri ere.
Pasaiako, Errenteriako, Lezoko eta Oiartzungo udaletako ordezkariek, bestalde, dei egin diete Oarsoaldeko bizilagun guztiei, herri edo eskualde mailako mobilizazioetan edo ekitaldietan parte hartzeko, bereziki Errenteria-Oreretako elkarretaratzean: «Mugimendu feministak egin duen elkarretaratze deialdian parte hartzera animatu nahi ditugu».