Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira, iritzia eman dute Bilduk eta EBk
Bilduren udal taldeak eta Ezker Batua-Berdeak alderdiak azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko iritzia jakitera eman dute. Bilduren kasuan, udal gobernuak onartutako deklarazioan abstenitu izanaren arrazoien nondik norakoak azaldu ditu Oinatz Mitxelena bozeramaileak. Hala, taldekidearen aburuz, “halako egun batean deklarazio bat egitea ez da nahikoa. Azaldutakoaren arabera, ez daude onartutako testuaren aurka, baina Irungo errealitatea islatzen ez duela uste dute. “Testu oso orokorra da eta bertan agertzen diren hitz batzuekin egia da ez gaudela ados”, adierazi du. “Herritarrei konpromisoa hartzeko eskatzen zaie, udalak konpromisorik ez duenean hartzen”. Izan ere, udal gobernuak hartutako konpromisoak “orokorrak eta zehaztapenik gabekoak” direla uste du. Horiek horrela, lehenik eta behin, Berdintasun arlo bat eratu beharko litzakeela uste dute Bilduko zinegotziek. Behin baino gehiagotan luzatutako eskaera dela azaldu du Mitxelenak, eta “errepikatzen” segituko dutela ohartarazi du. Saiatu programa eta Alardea Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako Saiatu programa bertan behera utzi izana leporatu diote Bildu udal taldeko zinegotziek udal gobernuari, “eta kezkaz hartzen dugu”, gaineratu dute. Hala, Emakumeen arloa, emakumeen txokoa… garatzeko proposamenak egiten jarraituko dutela adierazi dute. Bestalde, Alardeaz ere mintzatu da bozeramailea. “Irunen badago emakumeen kontrako eraso bortitz bat Alardearekin. Emakumeen eskubideak ez dira bermatzen eta hori ere beti edukiko dugu gure ahotan. Konponbidearen [...]
Bilduren udal taldeak eta Ezker Batua-Berdeak alderdiak azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko iritzia jakitera eman dute. Bilduren kasuan, udal gobernuak onartutako deklarazioan abstenitu izanaren arrazoien nondik norakoak azaldu ditu Oinatz Mitxelena bozeramaileak.
Hala, taldekidearen aburuz, “halako egun batean deklarazio bat egitea ez da nahikoa. Azaldutakoaren arabera, ez daude onartutako testuaren aurka, baina Irungo errealitatea islatzen ez duela uste dute. “Testu oso orokorra da eta bertan agertzen diren hitz batzuekin egia da ez gaudela ados”, adierazi du. “Herritarrei konpromisoa hartzeko eskatzen zaie, udalak konpromisorik ez duenean hartzen”. Izan ere, udal gobernuak hartutako konpromisoak “orokorrak eta zehaztapenik gabekoak” direla uste du.
Horiek horrela, lehenik eta behin, Berdintasun arlo bat eratu beharko litzakeela uste dute Bilduko zinegotziek. Behin baino gehiagotan luzatutako eskaera dela azaldu du Mitxelenak, eta “errepikatzen” segituko dutela ohartarazi du.
Saiatu programa eta Alardea
Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako Saiatu programa bertan behera utzi izana leporatu diote Bildu udal taldeko zinegotziek udal gobernuari, “eta kezkaz hartzen dugu”, gaineratu dute. Hala, Emakumeen arloa, emakumeen txokoa… garatzeko proposamenak egiten jarraituko dutela adierazi dute.
Bestalde, Alardeaz ere mintzatu da bozeramailea. “Irunen badago emakumeen kontrako eraso bortitz bat Alardearekin. Emakumeen eskubideak ez dira bermatzen eta hori ere beti edukiko dugu gure ahotan. Konponbidearen aldeko apustua egiten dugu eta hori beste eskakizun bat da”.
Bukatzeko, TASek deitutako martxarekin bat egiteko eskatu du taldekideak.
Berdeen iritzia
Ezker Batua-Berdeak udal taldearen Manuel Millan bozeramaileak tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeen egoera salatu du medioetara bidalitako prentsa ohar baten bidez. Azaroak 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, “emakumeen aurkako tratu txarrak eta indarkeria Bidasoan etengabe ematen den egoera” dela salatu du Millanek.
Bozeramailearen hitzetan, “Irunen salaketek gora egiten dute urtero eta ikerketa guztien arabera, krisi ekonomikoak eragin zuzena dauka goranzko joera horretan”. Hala ere, “egia da, bikote edo familia arteko tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek geroz eta gehiago salatzen dutela egoera”.
Horiek horrela, gizarteari dei egin dio Millanek “emakume horien alde egiteko, eta salatzen zein beren bizitzak berreraikitzen laguntzeko” eskatu du.