Añarbeko baso erreserbarekiko “ardura” eskatu diote aldundiari ekologistek
Añarbeko baso erreserba izendatzeko erabakiaren gainean oraindik ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak pausorik eman, eta Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde talde ekologistek “ardura” eskatu diote erakundeari. Zentzu horretan, “ona...
Añarbeko baso erreserba izendatzeko erabakiaren gainean oraindik ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak pausorik eman, eta Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde talde ekologistek “ardura” eskatu diote erakundeari.
Zentzu horretan, “onartezina” dela esan dute “udaletxean erabakia hartu zenetik ia hiru urte igaro direnean, natur parkearen kudeatzaile den aldundiak, basoaren jabearen eskaera luzatzearen estrategiarekin jarraitzea”.
Gaineratu dutenez, “presazkoa da Añarbeko harizti nahiz pagadiak biltzen dituzten landaredi, fauna eta habitat naturalen aldeko kontserbazio egoera egonkorra bermatuko duen neurri hori hartzea”. Eta horren ildotik, “aldundiko arduradun politikoen pasibotasuna eta beligerentzia alde batera utzi”, eta “arduraz jokatzeko garaia” dela adierazi dute talde ekologistek.
Aho batez hartutako erabakia
2009an hartu zuen Añarbe 1.000 hektareatako erreserbagunea izendatzeko erabakia Errenteriako Udalbatzak, aho batez. Añarbeko erreserbagunea Aiako Harria Natur Parkeko parte da, eta Errenteriako Udalarena da. Bioaniztasuna babesteko erabakia izan zen, eta Ekologistak Martxan,Orereta Bizirik, Ugatza, Haritzalde, Club Vasco de Camping eta Eguzkik txalotu egin zuten.
Erabakia babesteaz gain, Europako Elkartearen Aiako Harriko LIFE-Naturaleza egitasmoa gogorarazi zuten, “eskualdeko baso natural urrietan bioaniztasuna leheneratzeko” zuzenduta dagoelako ekimen hori.
Orduan ere Gipuzkoako Foru Aldundiari “ardura” eskatu zioten, erreserbaren azalera murrizteko ahaleginak eta Aiako Harria Natur Parkearen paralisiak eraginda. Erreserba naturalari bultzada emateko, gainera, Añarbe 1000 ekimen ekologista jarri zuten martxan.