Jose Caballero (SAT): “Ekintza zuzenak eman digu mobilizazioetan izandako arrakasta”
Mikelazulon Lola Alvarez SATeko kidearekin atzo ematekoa zen hitzaldirako bidean, Sevillako aireportuan harrapatu du HITZA-k Jose Caballero (Fuente de Andalucia, Sevilla, Espainia, 1960). Batik bat Mercadonako ekintzaren ostean egin da ezagun sindikatua, baina hori baino gehiago da. Ekintza zuzeneko sindikatua dela azaldu du. Astebete pasatu da azken greba orokorretik. SATek ere bat egin zuen. Zein irakurketa egiten duzue? Greba Andaluzian arrakastatsua izan da, saltoki eta lantegien %80k itxi zuen, herrietan gehienbat. Hala ere, guk uste dugu egun bateko grebak ez diola jada sistemari gehiegi eragiten, eta grebaz gain, beste borroka mota bat egin behar dela; krisiaren errudunei zuzenean behatzarekin seinalatu. Esate baterako, bankuen okupazioarekin, lursailenekin, baita merkatuetan egin dugun espropiazioen bitartez ere. Egun bateko greba mugatua dela iritzi diozu. Zergatik ez da bultzatzen greba mugagabea? Batez ere CCOO eta UGTk ez dituztelako mota horretako grebak deitu nahi. Asko kostatzen zaie greba bat egitea. Gauza izango litzateke sindikatu guztiak ados jartzea, data bat jarri, eta gutxienez, hiru eguneko greba egitea. Modu horretara gobernuari benetako kolpe bat emango genioke. CCOO eta UGTri greba deialdiak egitea kostatzen zaiela esan duzu. Zer dela eta? Sindikatu horiek gobernuaren diru laguntzetatik bizi dira ia erabat, eta horrek askatasuna mugatzen die. Ez da gauza bera gertatzen gu [...]
Mikelazulon Lola Alvarez SATeko kidearekin atzo ematekoa zen hitzaldirako bidean, Sevillako aireportuan harrapatu du HITZA-k Jose Caballero (Fuente de Andalucia, Sevilla, Espainia, 1960). Batik bat Mercadonako ekintzaren ostean egin da ezagun sindikatua, baina hori baino gehiago da. Ekintza zuzeneko sindikatua dela azaldu du.
Astebete pasatu da azken greba orokorretik. SATek ere bat egin zuen. Zein irakurketa egiten duzue?
Greba Andaluzian arrakastatsua izan da, saltoki eta lantegien %80k itxi zuen, herrietan gehienbat. Hala ere, guk uste dugu egun bateko grebak ez diola jada sistemari gehiegi eragiten, eta grebaz gain, beste borroka mota bat egin behar dela; krisiaren errudunei zuzenean behatzarekin seinalatu. Esate baterako, bankuen okupazioarekin, lursailenekin, baita merkatuetan egin dugun espropiazioen bitartez ere.
Egun bateko greba mugatua dela iritzi diozu. Zergatik ez da bultzatzen greba mugagabea?
Batez ere CCOO eta UGTk ez dituztelako mota horretako grebak deitu nahi. Asko kostatzen zaie greba bat egitea. Gauza izango litzateke sindikatu guztiak ados jartzea, data bat jarri, eta gutxienez, hiru eguneko greba egitea. Modu horretara gobernuari benetako kolpe bat emango genioke.
CCOO eta UGTri greba deialdiak egitea kostatzen zaiela esan duzu. Zer dela eta?
Sindikatu horiek gobernuaren diru laguntzetatik bizi dira ia erabat, eta horrek askatasuna mugatzen die. Ez da gauza bera gertatzen gu bezalako sindikatu alternatibo eta txikiekin. Klase sindikatuak gara, eta mobilizazioak modu jarraikorragoan eramaten ditugu aurrera. Hori da dagoen ezberdintasun nagusia, eta horregatik gobernuek dute erosita CCOO eta UGTko kupula. Kupulari buruz ari naiz, ez oinarriko militanteez.
Haatik, SAT eta beste sindikatu alternatiboen ekintzek geroz eta babes handiagoa dutela dirudi.
Denbora asko daramagu halako mobilizazioak egiten. Hala ere, badirudi orain gehiago konektatu dugula herritarrekin. Izan daiteke orain behar gehiago dagoelako, eta era berean, behar horrek bultzatuta jendeak erreferente bezala gaituela. Hainbat martxa egin izan ditugu Andaluziako probintzia guztietatik, eta nahikoa onespen eduki dugu. Hilaren 27, 28 eta 29rako emakumeen martxa bat antolatu dugu, emakumeek zailtasun gehiago dutelako lanpostua lortzeko.
Lan ildo horiek ikusita, sindikalismoa bulegotik kalera atera duzuela esan daiteke?
Guk gure burua daukagu lanean bertan, langileekin, dagoen sindikatutzat; alegia, ekintza zuzena egiten duen sindikatu bat bezala. Asanblea nazionalean elkartzen gara, hainbat mobilizazio onartzen ditugu. Batzuk ‘ekintza sorpresa’ izaten dira. Ekintza egin behar denean, bozeramaileen bidez mezua zabaltzen da, eta hiruzpalau ordutan mila lagun inguru mugitzeko aukera dugu. Hori da beste sindikatuekin daukagun aldeetako bat, gure afiliatuek barneratuta daukatela sindikatuaren filosofia. Ekintza zuzeneko sindikatua gara. Horrek eman digu mobilizazioetan izandako arrakasta.
Eztabaida ugari sortu dute, ordea.
Egia da. Izango da jendea ulertzen ez dituena. Mercadonako ekintza, esaterako, ika-mika gehien sor dezakeena, egin dugu behatzarekin seinalatzeko krisiaren errudunak nortzuk diren, eta era berean, erakusteko zeintzuk diren benetan krisia pairatzen ari direnak. Andaluzian 400.000 familia daude langabezian, eta horietatik 350.000 daude ezer ere ez daukatenak, inongo laguntzarik ez daukatenak.
Ekintza horiek gogor murriztuak izan dira. Zu zeu ere atxilotua izan zinen Mercadonakoa eta gero.
Hala da. Guk badakigu zertara arriskatzen garen. Badakigu gure ekintza legez kanpo egotetik gertu egon daitekeela, baina beti egiten dugu modu baketsuan. Hori dela eta, kritikatu izan gaituzte, baina egia da horregatik beragatik babes gehiago izan dugula kalean. Eztabaida sortu dugula argi dago, eta horren harira, ados eta kontra daudenak egongo dira.
Krisia oso gogor jotzen ari da, eta orain arte proposatu diren neurri bakarrak murrizketak izan dira. SATetik zein neurri planteatzen dituzue?
Benetan krisia sortu dutenek ordaintzea nahi dugu, bankuen dirua zerga paradisuetara eraman dutenek. Langile batek gerrikoa orain baino gehiago estutzea ezinezkoa du. Eurek, ordea, ez daukate inongo eskrupulurik, eta estutzen jarraituko dute. Andaluzian asko kritikatzen ari den zerbait da nekazaritza laguntza. Langabezian egon behar dute jasotzeko, eta hainbat baldintza ere bete behar dituzte, ez du edozeinek jasotzen. Haatik, inork ez ditu kritikatzen lur jabe handiek jasotzen dituzten laguntzak, lurrak edukitzeagatik bakarrik.
Hori lortzeko oso garrantzitsua da langileen arteko batasuna. Zentzu horretan egin duzue zuek Langileen Martxa. Nola joan da?
Oso ondo joan da. Espero baino jende gehiagok parte hartu du. Hiriburuek gainezka egin dute. Arrazoia dena dela, askotariko jendearekin konektatzea lortu dugu, eta jendea atera egin da. Positiboena izan da bandera asko batzeko gai izan garela.
Euskal Herriko sindikatuek, ELA eta LAB kasu, martxa babestu dute. Posible da halakorik egitea Euskal Herrian? Beharrezkoa da?
Euskal Herrian Andaluzian baino langabezia gutxiago dago, Andaluzian, beraz, arrazoi gehiago daude egiteko. Baina toki guztietara zabal daiteke martxa, murrizketekin eta zergen igoerekin denak kaltetzen ari direlako, eta batik bat laguntzarik gabe geratzen ari direnen egoera salatzeko.