Txinzerrek egindako kudeaketa salatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak eta antinuklearrak Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) enpresaren, eta Irungo eta Hondarribiko udalen jarrera kritikatu zuen atzo, uraren eta zaborren kudeaketa dela eta. Uraren inguruan, Txinzerrek kontsumorako ura eta zentral e...
Eguzki talde ekologistak eta antinuklearrak Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) enpresaren, eta Irungo eta Hondarribiko udalen jarrera kritikatu zuen atzo, uraren eta zaborren kudeaketa dela eta.
Uraren inguruan, Txinzerrek kontsumorako ura eta zentral elektrikoei saltzeko ura ustiatzen duela salatu du kolektiboak eta ondorioz, “kudeaketa gardena” egiteko eskatu du. Horrez gain, Jaizkibel mendian egiten ari diren zundaketak zertarako diren argitzeko ere galdegin zuen taldeak.
Atez atekoari dagokionez, Eguzi taldetik “udalen –Irungoa eta Hondarribikoa– eta Txinzerren informazio falta salatu nahi dugu”, adierazi dute, “ez baitute zaborren bilketa metodo ezberdinen, ezta atez ateko sistemaren berri eman nahi izan”. Kolektiboaren iritziz, atez atekoa “berreskurapen eta hondakin berziklapenari dagokionez, eraginkorrena eta iraunkorrena” da, eta Kanada, Australia, Austria, Italia eta beste hainbat herrialdeetan orain dela hainbat hamarkada erabiltzen den sistema dela nabarmendu du.
Horiek horrela, edukiontzi marroiak “%30eko berziklapenera” ez dela ailegatzen salatu du, atez atekoa “%80era iristen den bitartean”. Beraz, Txinzerrek berziklatzen eta berziklatzen ez duten bizilagunak berdin tratatzen dituela salatu du Eguzkik. Izan ere, tasa “beren hondakinak murrizten saiatzen diren bizilagunekin diskriminatzailea” dela azaldu du. Hau da, aplikatutako tasak “berziklatzeaz arduratzen direnak zigortzen segituko ditu, berziklatzen ez dutenak saritzen dituen bitartean”.