Real Unionek garaipena lortu du eta seigarren postura igo da
SD Amorebieta taldearen aurka lehiatu zen Real Union larunbatean, Stadium Galen. Txuri-beltzak 2-0 gailendu ziren ezusteko handirik gabeko lehian, eta lortutako hiru puntuei esker, sailkapen nagusiaren seigarren postuan aurkitzen da orain Real Union, 1...
SD Amorebieta taldearen aurka lehiatu zen Real Union larunbatean, Stadium Galen. Txuri-beltzak 2-0 gailendu ziren ezusteko handirik gabeko lehian, eta lortutako hiru puntuei esker, sailkapen nagusiaren seigarren postuan aurkitzen da orain Real Union, 19 punturekin.
Imanol Idiakezen mutilak lasai aritu ziren partidaren lehen denboran, bizkaitarren eraso baten ondorioz baloia Otermin atezainaren eskuetara iritsi zen arte. Talde irundarra orduan esnatu zen, eta 39. minutuan, Colinasek txuri-beltzen aldeko lehen gola sartu zuen. Real Unioneko jokalariak bizkarrez jaurti zuen talde bisitariaren atera, eta markagailua estreinatzea lortu zuen.
Amorebietako jokalariek gogor jo zuten erasoa partida osoan zehar. Sarrera latzak egin zituzten. Horregatik, kanpoko jokalariek hainbat txartel hori jaso zituzten, eta horren ondorioz, Aldalur kaleratu zuen epaileak 60. minutuan. Txuri-beltzak, beraz, abantailarekin aritu ziren ordutik aurrera, eta partidaren, 85. minutuan, lortu zuen Kijerak garaipena behin betiko etxean utziko zuen gola.
‘Garaipen garrantzitsua’
Imanol Idiakez entrenatzaileak emaitzarekin «pozik» zegoela adierazi zuen partidaren ondoko agerraldian. “Garaipen garrantzitsua” izan zela onartu zuen. Gainera, taldeak egindako azken urratsak “oso onak” izan direla esan zuen: “Pozik gaude taldearen jarrerarekin eta jokalarien ardurarekin. Badakigu bidea luzea dela, baina goiko postuetara begiratzeko garrantzitsua zen partida, eta pozik gaude”.