Jaizkibelen ondarearen gainean inoiz egin den ikerketarik sakonena aurkeztuko du Aranzadik asteburuan
Jaizkibelen ondarearen gainean inoiz egin den ikerketarik sakonena aurkeztuko du Aranzadik asteburuan
Jaizkibelen ondare natural eta kulturalaren gainean inoiz egin den ikerketarik sakonena aurkeztuko du asteburuan Aranzadik. Horretarako bi eguneko sinposioa antolatu du zientzia elkarteak Lezo, Pasaia eta Hondarribiako Udalen, EHU, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Sinposioaren zuzendari Juan Arizagak eman ditu asteburuko jardunaldiaren gaineko xehetasunak, Lezoko Udalean gaur goizean egindako agerraldian. Sinposioaren helburua, Jaizkibelgo itsaspeko eta urazaleko ikerketa guztiak argitalpen bakarrean batzea izango da Arizagak azaldu duenez. Horretaz gain, sinposioaren bidez “ikerketa edo ildo ezberdinak bultza ditzakeen hausnarketa sakona” sortu nahi dela gaineratu du.
Horien gaineko azalpenak emateko, berriz, Itsas Biologian, Geologian, Botanikan eta prehistorian adituak diren lagunak izango direla hilaren 23an eta 24an egingo den sinposioan azaldu du Arizagak, bestalde: “Erakunde ezberdinetatik etorriko dira, Aranzadi, Cristina Enea Fundazioa, EHU, Luberri, Gipuzkoako Foru aldundia, Azti Tecnalia, Oceana, IHOBE, EIBE, eta Salamancako Unibertsitatetik”.
Sinposioaren edukia
Etzidamu, ostirala hasiko da sinposioa 18:00etan Gezala auditorimean. Ordu eta laurden beranduago, EHUko eta Aranzadiko kide den Mari Jose Iriartek inaugurazio hitzaldia egingo du. “Iriarteren lantaldeak urteak daramatza Jaizkibelgo aztarnategi arkeologikoan lanean eta haiek aurkitu zuten J3a, Euskal Herrian ezagutzen den gizaki baten lurperatze zaharrena”, azaldu du Arizagak. Larunbatean berriz, Geologiaz ariko dira goizean adituak, eta Ozeanografiaren gainean ondoren. Horiekin batera, Jaizkibeleko lurzoruko fauna eta floraz ariko dira. Arkeologiak ere izango du tartea asteburuan Aranzadik antolatutako jardunaldietan.
Interesdunek oraindik parte hartzeko izena eman dezaketela esan du Arizagak. Horretarako, Aranzadiren webgunean aurkiko dute informazioa.