200 lagunetik gora bildu da parte hartze prozesuaren lehen astean
200 lagunetik gora bildu da parte hartze prozesuaren lehen astean
Joan den astean abiatu zuen atez atekoaren gaineko parte hartze prozesua udalak, eta epe horretan 200 lagunetik gora bildu dira egindako auzokako saioetan. Ainhoa Zabalo, alkatea “gustura eta pozik” azaldu da herritarren erantzunaren aurrean: “Positiboa da hainbeste herritar gerturatu eta denon artean, ongizate iraunkorraren bidean, Lezorako hondakinen bilketa sistemarik eraginkorrena diseinatzea. Azken finean hori da parte hartze prozesuaren helburu nagusia:herritarrei informazioa ematea, herritarren kexak entzutea, zalantzak argitzea, eta ekarpenak jasotzea”.
Joan den astean Altamirako eta Ijurko-Kaxkoa auzoetako bilerez gain, jubilatuekin, merkatariekin, jatetxeekin, udal langileekin, eta elkarte gastronomikoetako kideekin egin zituen saioak udalak. Aste honetan berriz, lau auzotako bizilagunekin elkartuko da: Landa Eremua-Gaintxurizketako auzotarrekin gaur egingo du bilera 18:30etik aurrera, Irurtzun jatetxean; Kaxkoa-Alde Zaharreko auzotarrekin berriz, bihar 18:30ean Gezalan; San Pedro-Lopenekoekin etzi, musika eskolan; eta Jauregialde-Gillermo Lazonekoeketzidamu, Gezalan.
Horren harira, herritar guztiak gonbidatu ditu Zabalok bileretan parte hartzera, “lezoar guztien artean definitu bhar baitugu zein den Lezorako bilketa sistemarik onena”.
Aste honetarako aurreikusitako bilerak eginda, amaitutzat emango dute parte hartze prozesuaren lehen zatia.
Ohar instituzionala
Atez ateko bilketa sistemaren gaineko parte hartze prozesuaren balorazio “baikorra” egin badu ere, azken egunetako Lezo Garbia Plataformako hainbat kideren jarrera deitoratu du udalak: “Gobernu Batzordeko kideak iraindu eta mehatxatu dituzte”. Halako jarrerek parte hartze prozesuan lekurik ez dutela esanda, heldutasun, errespetu eta irekitasun osoz egingo duela aurrera prozesuan berretsi du.
Lezo Garbia plataformari berriz, halako jarrerak “publikoki gaitzetsi ditzala” eskatu dio udalak.
Aste honetako bilera deialdiak:
- Landa Eremua-Gaintxurizketa: Gaur, Irurtzun jatetxean 18:30ean.
- Kaxkoa-alde Zaharra: Bihar, asteartea, Gezalan 18:30ean.
- San Pedro-Lopene: Etzi asteazkena, musika eskolan 18:30ean.
- Jauregialde-Gillermo Lazon: Etzidamu, osteguna, Gezalan 18:30ean.