Hemezortzi bertsolari gaztek parte hartuko dute Xenpelar Sarietan
Hilaren 23an hasiko dira bertsolari gazteen XXI. Xenpelar Sarien kanporaketak, eta aurten, hemezortzi gaztek parte hartuko dute Ereintza elkarteak eta Xenpelar bertso eskolak antolatutako lehiaketan. Hiru kanporaketa izango dira guztira, eta gainontzeko biak azaroaren 30ean (ostirala) eta abenduaren 1ean (larunbata) jokatuko dituzte. Kanporaketa guztiak Xenpelar Etxean izango dira, 19:30ean. Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta bakoitzetik bi sailkatuko dira finalera. Hori, hain zuzen, abenduaren 8an (larunbata) izango da Errenteria Hiria Kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Ekitaldi berean bi urtero egiten duten lehiaketa irabazi duen bertsolari bat omenduko dute, ohi moduan, eta aurten Xabier Perez Euzkitze-ri egokitu zaio. Bertso eskolaren omenaldi xumea jasoko du, eta bere hainbat bertso entzuteko aukera izango da. Hemezortzi bertsolariak aukeratzerakoan kontuan izan ditu Xenpelar bertso eskolak parekidetasuna eta lurraldetasuna. Hemezortzitik sei izango dira emakumeak, eta Euskal Herriko zenbait txokotatik etorritakoak. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, bederatzi, gainontzekoak hiru bizkaitar eta bina nafar, arabar eta lapurtar dira. Etxeko ordezkari bat izango du bertso eskolak: Haritz Casabal pasaiatarra. Xenpelar bertso eskolan ikasia da eta bertako irakaslea, eta aurten, gainera, lehenengo txapela lortu du eskolarentzat: Lizardi Saria. Bertso eskolak aurreratu duenez, leku ezberdinetako, estilo ezberdinetako eta euskalki ezberdinetako jendea aurkitzen saiatu dira, talde anitza lortu eta Euskal Herri osoko bertsolaritza [...]
Hilaren 23an hasiko dira bertsolari gazteen XXI. Xenpelar Sarien kanporaketak, eta aurten, hemezortzi gaztek parte hartuko dute Ereintza elkarteak eta Xenpelar bertso eskolak antolatutako lehiaketan. Hiru kanporaketa izango dira guztira, eta gainontzeko biak azaroaren 30ean (ostirala) eta abenduaren 1ean (larunbata) jokatuko dituzte. Kanporaketa guztiak Xenpelar Etxean izango dira, 19:30ean.
Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta bakoitzetik bi sailkatuko dira finalera. Hori, hain zuzen, abenduaren 8an (larunbata) izango da Errenteria Hiria Kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Ekitaldi berean bi urtero egiten duten lehiaketa irabazi duen bertsolari bat omenduko dute, ohi moduan, eta aurten Xabier Perez Euzkitze-ri egokitu zaio. Bertso eskolaren omenaldi xumea jasoko du, eta bere hainbat bertso entzuteko aukera izango da.
Hemezortzi bertsolariak aukeratzerakoan kontuan izan ditu Xenpelar bertso eskolak parekidetasuna eta lurraldetasuna. Hemezortzitik sei izango dira emakumeak, eta Euskal Herriko zenbait txokotatik etorritakoak. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, bederatzi, gainontzekoak hiru bizkaitar eta bina nafar, arabar eta lapurtar dira. Etxeko ordezkari bat izango du bertso eskolak: Haritz Casabal pasaiatarra. Xenpelar bertso eskolan ikasia da eta bertako irakaslea, eta aurten, gainera, lehenengo txapela lortu du eskolarentzat: Lizardi Saria.
Bertso eskolak aurreratu duenez, leku ezberdinetako, estilo ezberdinetako eta euskalki ezberdinetako jendea aurkitzen saiatu dira, talde anitza lortu eta Euskal Herri osoko bertsolaritza esparru osoa hartzeko.
Egitaraua
- Lehenengo kanporaketa (hilak 23): Haritz Casabal, Aitor Urbieta, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Maddi Ane Txoperena eta Gorka Maiz.
- Bigarren kanporaketa (hilak 30): Arrate Illarro, Maddi Sarasua, Peio Ormazabal, Iker Agirre, Iñaki Aleman eta Asier Azpiroz.
- Hirugarren kanporaketa (abenduak 1): Unai Gaztelumendi, Jone Uria, Manu Goiogana, Oier Aizpurura, Ander Solozabal eta Aimar Karrika.