Irritxoen Egunak bete du helburua
Irritxoen Egunak bete du helburua
Helburua bete zuen Landare elkarteak herenegun. Irritxoen Eguna, haurrentzat inoiz egin den jairik handiena izatea nahi zuten, eta Errenteria-Orereta haurren zein helduen irriekin, irribarre erraldoi bilakatzea. Eta biak ala biak bete ziren, eguraldia alde izan ez bazuten ere. Antolatzaileen balorazio orokorraren zain, parte hartzea handia izan zela aurreratu du Igor Elberdinek: “11:30erako aparkaleku guztiak beteta zeuden jada, eta bazkarian 450 lagunetik gora elkartu ziren Merkatuzarren. Hala ere, balorazioa ez dugu oraindik egin”.
Iragarri bezala, puntual hasi zen eguna hasteko ekitaldia Errenteria Hiria Kulturguneko auditoriumean. Naroa Iturrik egin zuen aurkezpena, eta aipamen berezia egin zien ehunka kilometrora amarekin batera espetxeetan bizi diren haur euskaldunei. Horiekin batera, aita, ama, izeba-osabak, edo aiton-amonak ikusteko hilabetero-hilabetero ehunka kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzten haurrak ekarri zituen gogora. Julen Mendoza alkatea igo zen ondoren oholtza gainera. Errenteriara hurbildu ziren guztiei eskerrak eman ondoren, ongi pasatu eta irri egitera deitu zituen, «irri eginez, arazo txikiak eta handiak errazago ematen direlako, baita gainditu ere». Alkate Txikia izendatu eta aginte makila ere eman zion, Aner Arbelaitzi, Sonia Jacinto preso oreretarraren semeari. Lana fin beteko zuela agindu zion Mendozari Alkate Txiki izendatu berriak, eta ziur hala egin zuela, herenegun irritxoak izan baitziren nagusi udalerrian.
Antzerkiak ere izan zuen tartea: espetxean haurrarekin batera den amaren bizipenak kontatu zituzten antzerki bidez.
Puzgarriak, magia eta musika
Egun osoan zehar hamaika ekimenekin gozatzeko aukera izan zuten txikienek. Hala nola, Koldo Mitxelena plazan puzgarriak izan ziren eta gustura ibili ziren haurrak saltoka. Bertan izan zen Porrotx gonbidatu bereziarekin: Olentzerok haurren gutunak jaso zituen, eta biak argazkiak ateratzen izan ziren, haurrekin. Eriz magoak eguerdian egin zuen magia saioa, eta Foru plazako estalpean adi jarraitu zuten emanaldia haurrek; arratsaldean Txanek hartu zuen haren lekukoa. Asko izan ziren ere Herriko Enparantzara hurbildu eta eskalada gunean aritu zirenak ere.
Arratsaldeko bostetan iritsi zen unerik gozoena. Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Patakon pirata eta haien laguntzaileak kiroldegiko oholtzara igo zirenean. Ikusle batzuk kexu agertu ziren eta erreklamazioak ere jaso dituzte antolatzaileek, harmailetatik jaitsi nahi zutelako, eta pista nagusian ikuskizunarekin gozatu. Segurtasun neurriak medio, ordea, aforoa errespetatzera behartu zituzten antolatzaileak, eta horren erakusle ziren irteera bakoitzaren parean zeuden Babes Zibileko kideak.
Ordu eta erdiko saio berezia egin zuten, eta pailazoekin batera igo ziren oholtza gainera abestu eta dantzatzera astero-astero senideak espetxeetara eramateko furgonetak gidatzen dituzten Mirentxingo boluntarioak eta horien seme-alabak; Landare elkarteko kideen ordezkaririk txikienak; edo hilabetero-hilabetero aita, ama, izeba-osabak, lagunak ikusteko ehunka kilometro egiten dituzten haurrak… Herenegun ere, hiru pailazoek irritxorik zabalena marraztu zuten.