Gutuna: Udalaren parte hartze prozesuaz
Udalaren parte hartze prozesuaz
Zabor bilketaren arazoa dela- eta alkate andreak gure jarrera «arrunt itxia» omen dela salatuz, urriaren 31ko prentsan egindako adierazpenen aurrean, adierazi nahi dugu:
Edukiontzien bitarteko birziklatzearen alde eta atez atekoaren kontrako manifestua sinatu duten ia bi mila lezoarrek, beren eskari hauek udalak onartu ez zitzakeelakoan, sistema hori inposatu baino lehen, herri kontsulta bat egitea exijitu zioten udalari.
Plataforma honek, urriaren 5ean, jendaurreko bilera bat egin zuen Kultura aretoan; lekua, bildu nahi izan zuten lezoarrentzat, Arruti, Intxaurrandieta eta Lartige alkateordeak euren artean, txikiegia izan zen.
Bilera horretan, aipatutako hiru alkateordeak, hilabeteko epe barruan plataforma honekin biltzeko konpromisoa hartu zuten; joan da hilabetea eta ez dugu berririk izan.
Herri kontsulta nahi dutenak, jendaurreko bilerak egiten dituztenak eta udal gobernuarekin behar adina bider biltzeko prest daudenak geu gara, eta alkate andreak, berriz, ez du nahi. Berorrek deskalifikatu du bere burua, bere itxikeria medio.
Gogoratu nahi dugu, Lezoko Bilduk udal hauteskundeetako programan, «herritarren egunerokoan eragina duten erabakiak eta garrantzia berezia duten udal gaiak herritarren parte hartzearen bidez landuko» zituela agindu zuela. Hiri hondakinak ez al dira hala?
Bitartean, egoera okerrera dihoa. Urteak dira daukagun zabor bilketa sistema hobeagotzeko deus ere egin ez dela, paper ontziak desagertzen direla, zikinkeria giroa nagusitzen ari dela; badirudi gertaera hauek inprobisatuak baino, herritarrak aspertu eta AzA atez atekoa ezartzearen aurrean etsi dezaten lortzeko eraginak direla.
Bilduk beste herrietan duen jarrerak harritzen gaitu; Urnietan bosgarren edukiontzia ipintzea adostu du eta gertuago, Errenterian, nahiz Alkatetza izan, Ingurumenaren Kontseilu Aholkulariko Hondakinen Batzordea herriko izaerari hobe egokituko zaion eredua aztertzen ari da, ondoren proposamena egiteko. Gehiengo osoa ez dutelako ote?
Oraingoan, udala «atez atekoari buruzko parte hartzeko prozedura informatzaile» batekin datorkigu, enpresa batek, Aztiker-ek, nola funtzionatzen duen erakuts diezagun, Oiartzunen, Hernanin eta Usurbilen ikusi ez bagenu bezala. Doktrinamendutik aski dugu! Ez da txantxetakoa; prozedura informatibo honek eta Garbitaniak egindako bideragarritasun azterketak 27.000 euro inguru kostatu zaizkigu, 4,4 miloi pezeta, lezoar guztiok, atez ateko sistemaren kontra gaudenoi barne, nahiz gehiengoa izanik, eskotean pagatu beharko ditugunak, lotsagarria!
Patxi Sarasola.
Lezo Garbia plataformaren izenean.