‘Euskaldunek Gibraltar zeharkatu zuten’
Euskal Herria cuna del Tantra —Euskal Herria Tantraren sehaska— liburua aurkeztu du aste honetan Imanol Bixentek (Irun, 1958). Bilduma osatzen duten lau liburuetatik lehena da, eta bertan, historian zehar emandako migrazioak errepasatzen ditu egileak, tantrara iritsi arte. Izan ere, haren ikerketen arabera, euskal kulturaren eta tantraren artean lotura hertsia dago. Zertan datza lehen liburu honek? Migrazio-genetikaren gainekoa da. Genetikak aplikazio ugari ditu, eta mutazio-genetika horietako bat da. Hori Cro-Magnongo gizakiaren migrazioei aplikatuz gero, migrazio-genetika esaten zaio. Proiektu Genografikoa azken 11 urtean esparru honetan garatu den proiekturik garrantzitsuena da, mundu osoa kontuan hartzen baitu. Spencer Wells estatubatuarrak zuzentzen du proiektua, eta mundu osoko genetistek parte hartu dute, leku guztietako lagunei odola ateratzen eta horien DNAren mutazioak aztertzen. Datu horiei esker, Cro- Magnongo gizakiak kristo aurretik 70.000. urtean Afrika utzi zuenetik migrazio bideak zeintzuk izan ziren jakin dezakegu. Liburua hiru ataletan banatua dago. Bai, lehen atalean informazioa bildu eta laburtu dut. Irakurleak hori jakin behar du bigarren atalera iristen denerako. Glaziazioa, genetika, migrazioak eta glotokronologia lantzen ditut. Azken hori, Morrish Swadeshek 1950. urte inguruan asmatutako ikerketa linguistikorako metodo bat da. Horri esker, estatistika eta matematika ekuazioak erabiliz, hizkuntzen arteko senidetasuna ezagutu daiteke. Era horretan, Swadeshek hizkuntza guztiak 12 taldetan bildu zituen; horien [...]
Euskal Herria cuna del Tantra —Euskal Herria Tantraren sehaska— liburua aurkeztu du aste honetan Imanol Bixentek (Irun, 1958). Bilduma osatzen duten lau liburuetatik lehena da, eta bertan, historian zehar emandako migrazioak errepasatzen ditu egileak, tantrara iritsi arte. Izan ere, haren ikerketen arabera, euskal kulturaren eta tantraren artean lotura hertsia dago.
Zertan datza lehen liburu honek?
Migrazio-genetikaren gainekoa da. Genetikak aplikazio ugari ditu, eta mutazio-genetika horietako bat da. Hori Cro-Magnongo gizakiaren migrazioei aplikatuz gero, migrazio-genetika esaten zaio. Proiektu Genografikoa azken 11 urtean esparru honetan garatu den proiekturik garrantzitsuena da, mundu osoa kontuan hartzen baitu. Spencer Wells estatubatuarrak zuzentzen du proiektua, eta mundu osoko genetistek parte hartu dute, leku guztietako lagunei odola ateratzen eta horien DNAren mutazioak aztertzen. Datu horiei esker, Cro- Magnongo gizakiak kristo aurretik 70.000. urtean Afrika utzi zuenetik migrazio bideak zeintzuk izan ziren jakin dezakegu.
Liburua hiru ataletan banatua dago.
Bai, lehen atalean informazioa bildu eta laburtu dut. Irakurleak hori jakin behar du bigarren atalera iristen denerako. Glaziazioa, genetika, migrazioak eta glotokronologia lantzen ditut. Azken hori, Morrish Swadeshek 1950. urte inguruan asmatutako ikerketa linguistikorako metodo bat da. Horri esker, estatistika eta matematika ekuazioak erabiliz, hizkuntzen arteko senidetasuna ezagutu daiteke. Era horretan, Swadeshek hizkuntza guztiak 12 taldetan bildu zituen; horien artean, euskara-dene taldea sortu zuen, eta horrek, glotokronologiaren arabera, euskararekin senidetuta dauden munduko hizkuntza guztiak zeintzuk diren azaltzen du. Talde hori, hizkuntza kopururik altuena duen taldea da: antzinako Kaukasoko hizkuntzak, tibetar-birmaniera, txinatarra, japoniera, wakash, na-dene… Azken horiek, Kanadako iparmendebaldea eta AEBko Kalifornia eta Oregonen finkatu ziren, k.a. 7.000. urtean Siberia eta Alaska lotzen dituen Beringo pasabidea igaro ondoren.
Bigarren atalean, migrazio-genetika euskal-dene taldeari aplikatu diot, eta horri Eusko-Glotokrono-Genetika (EGG) izena eman diot. Prozedura horri esker, aurkikuntza eta ekarpen zientifiko oso interesgarriak egin ditut. Adibidez, afrikar jatorriko euskal paleo-kulturaren elementu ugari aurkitu ditut. Antzinako euskaldunek jarraitutako ibilbideak osatzea baimendu dit ere GEEk. Adibidez, k.a. 12.000. urtean R1b haplotaldeko, eta H eta V haplotaldeetako euskaldunek Gibraltar zeharkatu zutela deskubritu dut; horien ondorengoak gainera Saharatik Niloko deltara joan ziren; handik Ekialde Hurbilera eta horien ondorengoak, Zagros mendietara [Iran-Irak] iritsi ziren. Bertan bizi izan ziren euskal R1b haplotaldeko zarzienseak, R1b euskal-europar taldetik eratorritakoak. Horietako batzuk, Zagrosetik Kaukaso aldera joan ziren, eta beste batzuk Indo Haranera k.a. 7.000. urtean, Mehghar [Pakistan] hirian ezarriz, R1b1b1 taldearekin. Talde horretako batzuk, artzain bideen ondorioz, Europara itzuli ziren k.a. 5.500an; bitartean, beste batzuk euroasiar estepan gelditu ziren, eta ondorioz, indoeuropar bihurtu ziren.
Zer dela eta, izendatu duzu liburua ‘Euskal Herria, tantraren sehaska’?
Tantran formazioa jaso dut hainbat urtean, nire maisuaren eskolan, Indian. Bertako gobernuak Tantra Unibertsitate gisa onartzen duen bakarra da. Sanskritoa ere ikasi nuen. Mundu osotik iritsitako lagunek bertan ikasten dute: medikuak, genetistak, biologoak, ingeniariak… eta euren ezagupenei esker, ikuspuntu zientifiko ezberdinetatik tantra ikasten dute. Bost aldiz egon naiz Indian eta han denboraldi luzeak eman ditut beti. Hala, bertatik itzuli nintzen batean, tantrak eta euskal paleo-kulturak elementu komun ugari dituztela konturatu nintzen. Adibidez, Herensugearen Kondaira. Lurraren epizentroan lo egiten duen eta esnatzerakoan Aralarko leize batetik hegan ateratzen dena, Indiako Kundalini tantra sugearen fotokopia bat dela konturatu nintzen. Horrek ezin zuen kasualitatea izan, eta beraz, bi kulturen artean harreman bat egon behar zuela pentsatu nuen. Nire ikerketei esker, Indiako kultura tantrikoa R1b1b1 taldeko euskaldunek Europatik Indora k.a, 7.000. urtean eramandakoa zela deskubritu nuen.
Zein alde dago tantra eta xamanismoaren artean?
Tantra eta xamanismoa ia gauza berbera dira. Xamanismotik abiatuta garatu da tantra, eta eduki berbera dutenez, gauza bera esateko sinbolismo ezberdinak erabiltzen dituzte.
Nola lotzen dira Euskal Herria, tantra eta xamanismoa?
Spencer Wellsen arabera, R1b haplotaldeko euskaldunak k.a. 40.000. urtean iritsi ziren Europara, Uralak mendien bidez. Aurignaciarren kultura eta animalien jainkotasunaren kultu xamanikoa ekarri zituzten. K.a. 27.000.ean, R1b haplotaldeko lagunak Montenegrotik Frantzia hegoaldera iritsi ziren. Horiek gravettiar kultura ekarri zuten: aurignaciarra baino aurreratuagoa zen, eta jainkosa gorenari edo Venusari gurtza egiten zioten; beraz, matriarkalak ziren. Euskaldunek kultura eta kultua bereganatu zituzten, eta euren kulturan integratu, kultu hibridoa sortuz. Hori, milaka urtean zehar garatuz joan zen, gaur egun proto-tantra izenez ezagutzen dugunera arte. Sinbolismo tantrikoa duten gravettiarren artearen hainbat figura aurkitu ditut, eta k.a. 17.000. urteko madeleine garai hasierako beste batzuk ere. Tantrarekin interpretatzen ditut 3. liburuan.